Bulego irekietan zaratagatiko laneko arriskuak prebentzioa

Bulegoetako zarata kanpoko edo barneko iturri askotatik etor daiteke. Kanpokoen artean daude ibilgailuen trafikoa, kaleko edo hurbileko eraikinetako obrak eta kalean egiten diren jarduera komunitarioak. Barnekoen artean, besteak beste, eraikineko edo bulegoko instalazioen funtzionamendutik eratorritako zaratak  (igogailua, klimatizazio-sistemak edo ur-eroanbideak), inprimagailu bezalako  lan-ekipoek sortutakoak, edo pertsonen jarduerarekin zerikusia dutenak: hizketaldiak edo dokumentazioa mugitzeko edo sailkatzeko ekintzak.

Nahiz eta bulego irekietako zaratak nekez izan entzumena galtzeko arrisku maila -OMEk 65 dezibeliotik gora ezartzen du-, beste  ondorio negatibo batzuk eragin ditzake laneko segurtasun eta osasunerako (LSO), hala nola  asaldura fisiologiko eta psikologikoak, distrazioak eta interferentziak komunikazioan.

Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalak (LSHIN) 1998an argitaratutako “Konfort akustikoa: zarata bulegoetan” izeneko prebentzio ohar teknikoa (503 NTP), estatu-ekimenen erreferentzia nagusia da lan-arriskuak prebenitzeko arloan. Era berean, LSHIN k 2008an argitaratutako  “Zarataren ebaluazioa ergonomian: RC MARK II irizpidea” (795 NTP) delakoak ere,  ikuspuntu garrantzitsuak ematen ditu.

Iaz, Frantziako Institut National de Recherche et de Sécurité (INRS) erakundeak horri buruzko irizpideak eguneratu zituen “Environnement sonore en bureaux ouverts: évaluation de la gêne et démarche d'amélioration” gidan  (‘Zarata ingurunea, bulego irekietan: ondoezaren ebaluazioa eta hobekuntza-prozesua’).

LSHINk bere 503 NTPn ezartzen duenez, etxe, administrazio, osasun edo irakaskuntza esparruetako lokalen barruko zarata-mailak beti egon behar du  50 dezibeliotik behera, eta ospitaleetako geletan ezingo da 30 dezibeliotik gorakoa izan. Bulego eta bulego profesionalen kasuan, 40 dezibelioko gehienezko muga ezartzen du.

Bulegoetako zarata-arazoak ebaluatzeko, aipatutako 503 NTPk adierazten du lehen urratsa izango dela zarata-iturriak identifikatzea, langileek ematen duten informazioaren bidez. Bigarrena da zehaztea zergatik diren gogaikarriak. Gehienetan, zarata presioaren mailak edo zaraten maiztasun-espektroak neurtzeko, alderdi ez-fisikoak aztertu beharko dira, sortzen duten eragozpen maila zehazteko.

Aztertu beharko litzateke ere, zaratek daukaten eragina  bulego bakoitzean egiten diren lanetan, sortzen duten distrazio  maila eta pertsonek beren aurrean duten jarrera. Zarata kontrolatzeko neurriak aplikatzeko, 503 NTPk betetzen ditu entzumenari kalte egiteko arrisku handiena duten lanpostuetarako ezarritako prebentzio-printzipio berberak.  Jarduerarik eraginkorrenak dira zarata sortzen duen iturriari aplikatzen zaizkionak; ondoren, zarata transmititzen  duen ingurunean egiten direnak eta, azkenik, hartzailearentzat egiten direnak.

 

Disziplina anitzeko ikuspuntua

Frantzian, Institut National de Recherche et de Sécurité (INRS) erakundeak 2021eko urtarrilean argitaratutako gidak aztertzen du bulego irekietako zaratek eragindako arriskuak, azterketa akustikoak, ergonomikoak eta lanaren psikologiakoak konbinatzen dituen ikuspegitik. Gainera, tresnak eta metodo bat proposatzen ditu bulego diafanoetan hobekuntza akustikoak programatzeko, interesdun alderdi guztiak barne hartzen dituena: enplegatuak, prebentzio adituak, osasuneko profesionalak eta erabakiak hartzen dituzten arduradunak.

Zarata-arriskua bere osotasunean ebaluatzeko, INRSk proposatzen du pixkanaka eta lau mailatan egitea, kasu bakoitzari egokitutako prebentzio-irtenbideak lortzeko:

-          Lehenengoa da behaketa, akustikako arau orokorretan oinarrituta dagoena, eta espezialista ez den batek erabil dezakeena. Horri esker jakin daiteke  zeintzuk diren areto baten ahultasun akustikoaren puntu nagusiak eta beren kokapena.  

-          Bigarrena tarteko fasea da, jardueraren behaketan eta langileekin egindako elkarrizketetan oinarritua. Aukera eman behar du arazo akustikoak zerrendatzeko egindako jardueraren arabera, eta batzuetan ere, tokiaren antolamenduarekin zerikusia duten hobekuntza-puntuak nabarmentzeko.

-          Hirugarren mailak enpresako aktoreek parte hartzea eskatzen du (gerenteak, osasuneko profesionalak eta enpresako langileak), inkesten bidez azterketa estatistikoa egiteko,  langileek beren lan-eremuarekin eta, bereziki, zarata ingurunearekin duten gogobetetzeari buruzkoa.

-          Laugarrena, adierazle akustikoak neurtzen oinarritzen da, gelako zarataren kalitatea objetiboki ebaluatzeko.