10/2022 Lege Organikoak, sexu askatasunaren berme integralari buruzkoak, sexu-indarkeriaren arriskua ebaluatzera behartzen ditu enpresak

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legeak arrisku guztiak ebaluatzera eta prebentzio-plan bat izatera behartzen zituen enpresak, eta horrek esan nahi zuen, praktikan, sexu-jazarpeneko eta -indarkeriako arriskuak ebaluatu behar zituela arrisku psikosozialen esparruan, eta prebentzio-planean, laneko jazarpena eta sexu-indarkeria prebenitzeko neurriak ezarri behar zituela. Baina betebehar horiek ez zeuden esplizituki jasota, eta sortuz joan dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudiak onartu ahala.

Hala egin du onartu berri den 10/2022 Lege Organikoak, sexu askatasunaren berme

integralari buruzkoak; izan ere, 12. artikuluan jasotzen duenez, enpresek honako betebehar hauek izan behar dituzte:

·         laneko askatasun sexualaren eta osotasun moralaren aurkako delituak eta bestelako jokabideak saihesten dituzten lan-baldintzak sustatzea,

·         prozedura espezifikoak arbitratzea arrisku horiek prebenitzeko eta salaketak edo erreklamazioak bideratzeko,

·          arriskuen balorazioan, sexu-indarkeria sartzea.

Osalanek argitaratu zuen “Genero-ikuspegia laneko arriskuen prebentzioan integratzeko jarraibideak” eta, ondoren, “Lan-arloko sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko orientabideak”; bi argitalpenak Osalanen webguneko generoaren atalean daude eskuragarri. Jarraian, material horietan jasotako eta araudi berriaren xedean ardaztutako gai batzuk dira honakoak:

1.      Garrantzitsua da arrisku psikosozialen ebaluazioa osatzeko elkarrizketak egitea langileei, sexu-jazarpenaren arrisku-faktoreak identifikatzeko, bai eta ad hoc prebentzio-neurriak iradokitzeko ere. Interesgarria izan daiteke, gainera, erakundearen sexismo-maila aztertzea. 

2.      Arrisku psikosozialen ebaluazioetatik eta aurreko paragrafoan adierazitako elkarrizketetatik ondorioztatzen diren prebentzio-neurri espezifikoez gain, abian jar daitezkeen hiru prebentzio-neurri orokor daude:  

·         Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioaren arloko prestakuntza (sexu-indarkeria barne) prebentzio-taldeei zuzendua.

·         Genero-ikuspegia duen prebentzio-kultura sustatzea, jokabide eta jarrera matxista eta diskriminatzaileak esplizituki gaitzesten dituena: zuzendaritzaren berariazko printzipioen adierazpena eta informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak. 

·         Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko prestakuntza ematea langile guztiei, jokabide eta jarrera berdinzaleagoak identifikatzen eta sustatzen ikasteko.

Osalanek Emakunderekin jarraitzen du elkarlanean, sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko materialak eta prestakuntza garatzen, eta gai horren inguruko dibulgazio-ekintzak garatzen joango da, Osalaneko 2022-2024ko Emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. Plana jasotzen den bezala.