Langile autonomoen artean lan-arriskuen prebentzioa sustatzea

 

Barakaldo, 2021eko martxoaren 11a.- Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak langile autonomoen artean lan-arriskuen prebentzioa sustatzeko eta prestatzeko proiektu bat jarri du abian. Proiektu hori prebentzio-ekintzaren eta lan-baldintzen kalitatea hobetzeko eta laneko arriskuen prebentzioa kudeaketan integratzeko ildo estrategikoaren barruan sartzen da.

Proiektuak indar egin nahi du, batez ere, prebentzioaren ikuspegitik oso irekiak ez diren sektoreetako enpresetan.  Hori horrela, Osalanek aukera eman nahi die autonomoei prebentzio-jardunbide egokietarako aukera izan dezaten, gaiari buruzko ezagutza zabalduz, prebentzio-fitxak eginez eta banatuz eta kolektibo horren prestakuntza on line eta presentziala emanez.

Proiektu honetako lehen ekintza atzo, martxoak 10, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak eta Lourdes Íscar Osalaneko zuzendari nagusiak inauguratu zuten online hitzaldi batean. Bertan, lan-arriskuen prebentzioaren arloan langile autonomoei eragiten dieten funtsezko gaiak jorratu ziren.

Kontingentzia profesionalak, Laneko Arriskuen Prebentzioaren oinarrizko kontzeptuak, arriskuen ebaluazioa, osasunaren zaintza, enpresa-jardueren koordinazioa edo langile autonomoek beste langile batzuk kontratatzearen ondorioak izan ziren hitzaldiaren programa osatu zuten alderdiak, eta esparru horretan ezagutza sortzen saiatu ziren kolektiboaren barruan, kolektiboak erabaki egokiak hartu ahal izan ditzan arriskuen prebentzioaren kudeaketari eguneroko zereginetan ekiteko orduan. 75 lagunek jarraitu zuten solasaldia.

 

Prentsa-oharra (PDF, 328 KB)