Elkarrizketa Virginia M˙gicarekin, Osalan Kontseilu Nagusiko kidea, Confebask ordezkatuz

'Covid-19k arriskuei buruzko kontzientzia handiagoa sortzen eta prebentzioaren kultura hobetzen laguntzen digu'

Virginia Múgica Confebasken ordezkaria da Osalaneko Kontseilu Nagusian. Gizarte Segurantzako Legelarien Goi Mailako Kidegokoa da (eszedentzian), Deustuko Unibertsitateko irakaslea Zuzenbideko eta Lan Harremanetako gradu bikoitzean (Gizarte Segurantzaren arloko eskolak ematen ditu), eta Confebaskeko Lege eta Lan Harremanen Saila zuzentzen du. Eusko Jaurlaritzan erantzukizuneko hainbat kargu bete ditu Lehendakaritzaren, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzaren eta Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren arloetan.

Covid-19 agertu izana benetako estres froga izan da  gizarte osoarentzat, eta pandemiaren aurkako prebentzio-neurriek eraginkortasun murrizketa handiak ekarri dituzte enpresetan. Nola eragin dio enpresetan eguneroko jarduerari?

Lehen uneak bereziki zailak izan ziren. Enpresetan ere nahasmen handia gertatu zen, baina egia da, halaber, azkar eta zehaztasunez erreakzionatu zela, eta horrek errealitate berrira egokitzeko eta jarduera berreskuratzeko aukera eman digu. Jakina, egokitzapen hori errezagoa izan da jarduera mota batzuetan besteetan baino.

Uste duzu Covid-19ren krisiak ekar dezakeela baliabide guztiak kutsadurei aurrea hartzeko erabiltzea, eta alde batera uztea ohiko Laneko Segurtasunaren arloan aurreratutakoa?  

Ahalegin handiak egin dira kutsadurei aurrea hartzeko -berehalako arrisku bati dagokion bezala-, eta  horrek, batu egiten du, eta ez du esan nahi, nahitaez, aplikatu ohi diren protokoloak eta neurriak bertan behera utzi behar direnik. Are gehiago, Coviden krisiak lagundu egiten digu kontzientzia handiagoa sortzen langileengan eta enpresetan, eta horrek,  seguruenik, prebentzioaren kultura hobetuko du.

Badirudi prebentzio neurriek lan ingurunean funtzionatu dutela eta lanpostuak ez direla kutsatzeko lekuak izan, eta hori berri ona da. Enpresek, oro har,  prebentzio lan ona egin dute?

Erantzuna erabat baiezkoa da. Baina, gainera, azpimarratu nahi dut emaitza onak bakarrik lortzen ari direla guztion jarrera arduratsuari esker. Harrotasun handia da egiaztatzea une zail hauetan, lan ingurunea gai izan dela  eraginkortasunez  erantzuteko.

Suspertze-funtsak (Next Generation), Espainiarentzat 140.000 milioi euro ingurukoa izango denak, ekoizpen-eredua lehiakorrago eta seguruago bihurtzeko balio beharko luke?

Gure hurbileko etorkizuna,  zabaltzen ari diren hiru trantsiziotan egituratzen ari da: ekologikoa, digitala eta soziosanitarioa. Transtsizio horiek egituratu ahala, erronka berri asko agertzen ari dira. Edo erronka horiei erantzuna ematen diegu, edo oso atzean geratuko gara. Next Generation funtsak aukera bikaina dira etorkizun berri horri aurre egiteko, behar bezala erabiltzen badira.

Krisiak enpresako lan-eredua aldaraziko digu?

Gauza askori dagokienez, COVIDek  lehena eta geroa markatu du, eta enpresako lan-eredua horietako bat da. Denok ikasi dugu gauzak beste modu baten egiten eta besteekin beste modu baten erlazionatzen.

Telelana orokortu egin da. Osasunarentzat orain arte ikusten ez ziren arrisku berriak sortzen ditu? Arrisku horiek, fisikoak baino, psikologikoak dira?  

Neurri handi batean, telelanari buruzko pertzepzio orokorra aldatu egin da. Lehen ontasunak baino ez zizkioten ikusten, eta eduki,  baditu. Baina orain ikusi dugu pertsona askorentzat, hainbat arrazoi direla medio, eragozpenak edo arriskuak izan ditzakeela; eta hori oso kontuan hartu behar da, bai eta konpondu ere.

Osalaneko Kontseiluan, benetako elkarlanerako giroa dago?

Kontseiluko kide naizen aldetik, Osalanek egiten duen lana aitortzen dut. Isileko lana da, baina zorrotza eta emankorra. Eskerrak eman nahi dizkiet Osalaneko pertsona guztiei, aurten bereziki beren onena eman dutelako guztien onerako… eta lortu egin dute. Mila esker.