Elektrizitate estatikoa pilatzeagatiko arriskuen prebentzioa

Institut Valencià de Seguretat i Salut en el Treball, (INVASSAT) erakundeak ‘Elektrizitate estatikoaren arriskua: prebentzio-neurriak’ eskuliburua argitaratu du. Eskuliburu horren bidez, LAPeko programetako ikasleei eta interesa duten gainerako pertsonei irakatsiko zaie nola sor daitekeen energia hori lantokietan, energia hori metatzeak dakartzan arriskuak  eta hori kontrolatzeko, gutxitzeko edo desagertarazteko prozedurak. Era berean, gai horri buruzko legeria biltzen du, eta sute eta eztanda arriskuak aztertzen ditu bereziki arriskutsuak diren bi kasutan: zisterna-kamioietan dauden likido sukoiak ontziz aldatzea eta likido horiek haietatik libre dauden azaleretan deskargatzea.

Eskuliburuak nabarmentzen du deskarga elektrostatikoek pertsonengan sortzen dituzten   ondorio zuzenak ondoezak baino ez direla, deskargek askatzen duten energia ez delako nahikoa beren osasuna arriskuan jartzeko. Hala ere, energia mota hori metatzeak arazoak sor ditzake zenbait ekoizpen prozesuetan; hala nola, ibilgailuen karrozeriak pintatzeko lanetan, ehunak, plastikoak edo papera etengabe manipulatzeko lanetan,  eta osagarri elektronikoak ekoizteko lanetan.

Eskuliburuaren arabera, elektrizitate estatikoa metatzearen arrisku nagusia da,  elektrizitate hori atmosfera sukoietan deskargatu daitekeela txinpartetan eta modu zakarrean. Bere ondorioen norainokoa ulertzeko, bideo hau ikustea gomendatzen du. Beraz, elektrizitate estatikoaren sorkuntzak berez sute edo leherketa arriskurik sortzen ez duen arren, karga elektrikoen  txinpartekin konbinatzen bada, orduan bai;  arrisku potentziala da.

Eskuliburak biltzen duen erreferentziazko legerian, honako arau hauek  daude:  

 -          Ekainaren 8ko 614/2001 Errege Dekretua, Langileen osasuna eta segurtasuna arrisku elektrikotik babesteko gutxieneko xedapenei buruzkoa. VI-B eranskina.

 -          486/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ezartzen dituena.  III. eranskina.

 -          Ekainaren 12ko 681/2003 Errege Dekretua,  lantokiko atmosfera lehergarrietatik eratorritako arriskuen eraginpean dauden langileen osasuna eta segurtasuna babesteari buruzkoa. II-A eranskina.

 -          2016ko martxoaren 9ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/425 (EB) Erregelamendua, norbera babesteko ekipoei buruzkoa eta Kontseiluaren 89/686/EEE Zuzentaraua indargabetzen duena. II. eranskina.

 -          Salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko operazioak arautzen dituen otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretua. 44. artikulua.

 Arriskuaren kontrola

 Lantokietan elektrizitate estatikoa metatzearen ondoriozko sute edo leherketa arriskuak kontrolatzeko lanak egiteko, eskuliburuak gogorarazten du prebentzio eta babes neurriak planifikatu eta hartzeko, aldez aurretik arriskuen ebaluazio sakona egin behar dela. Hartzen diren erabakiek, lehen aipatutako araudia errespetatzeaz gain, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legearen 15. artikuluak aipatzen dituen printzipioak beteko dituzte. Era berean bat egin beharko dute, Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalaren (LSHIN) “Elektrizitate estatikoak eragindako arriskuak” dokumentuaren edukiarekin eta INSSTren NTP 225, LSHIN eta NTP 567 jardute egokien gidekin.