Arrantza-ontzietako istripu-tasa eraikuntza sektorekoa baino handiagoa da

Herrialde gehienetan arrantza-sektoreak, ezbehar-tasa handia duten beste sektore batzuek baino istripu-tasa handiagoa du, hala nola eraikuntzak edo metalurgiak. Azken urteetan langileen prestakuntza hobetzeko neurriak hartu diren arren, ezbehar asko egon dira.

Kataluniako Universitat Politècnica-ko Alfredo Torné eta Antonio Isalgué katedradunek,  Espainiako arrantza-sektoreko ezbehar-tasa aztertu dute 2000. eta 2019. urteen artean, eta emaitzak,   “Itsas istripuen bilakaera Espainiako arrantzan: Itsas Garraioaren Nazioarteko VIII. Biltzarraren Aktak” txostenean zabaldu dituzte. Ondorioak garrantzitsuak dira balio dutelako, alde batetik, gaur egun aplikatzen diren neurrien  baliagarritasuna ebaluatzeko eta bestetik, etorkizunean ezbehar-tasa  murrizteko neurriak prestatzeko.

Urtetan, zenbait herrialdetako erakundeek hainbat ekintza martxan jarri zituzten baxurako arrantzan istripuen tasa murrizteko. Neurri horiek,  gaur egun oraindik garatzen ari direnak,  gai hauek lantzen dituzte, besteak beste: itsasontzien eraikuntza eta egonkortasuna, arrantzaleen prestakuntza eta sentsibilizazioa beren lanbideak dauzkan lan-arriskuak, eta ontziko segurtasun-ekipoen erabileraren eta funtzionamendua. Ekintza horiek arrantza istripuak nabarmen murriztu dituzten arren, istripu kopuruak handia izaten jarraitzen du.

Arazoaren norainokoa zehazteko, 2016. urtean irakasle horiek ikerketa bati ekin zioten, Espainiako Itsas Istripu eta Gertakarien Ikerketa Batzordeak (CIAIM) 2000. urtetik 2016. urtera bitartean erregistratutako ezbeharren arrazoiak zehazteko. Ondoren aztertu zituzten, CIAIM-ek  azken data horren eta 2019ko azaroaren arteko ezbeharrei buruz emandako datuak. 

2000. urtetik 2016ko uztailerarte, CIAIM-ek 59 hildako eta 21 desagertu erregistratu zituen arrantza-ontzietan gertatutako 197 istripuetan. Aztertutako bigarren denboraldian, 2016ko uztailetik 2019ko azarora bitartekoan, hain zuzen ere, 7 hildako eta 5 desagertu  erregistratu zituen 31 ontzitan gertatutako ezbeharretan. Izandako kalte materialei dagokienez, 2000-2016 aldian istripu gehienak gertatu ziren ontzia erabat hondatu eta gero hondoratzean, eta joera hori errepikatu egin da 2016 eta 2019 artean.  

 

Ondorioak

 

Bi denboraldietako istripuak aztertu eta alderatu ondoren, autoreek ondorio hauek atera dituzte:  

 

-          Istripuen banaketa geografikoari dagokionez, Kantauri-Ipar-mendebaldeko eremuak ezbeharren erdia baino gehiago bildu zituen  bi denboraldietan, eta aztertutako beste bost aldeen ehunekoak luze gainditu zituen: Mediterraneoa, Cádizko Golkoa, Kanariak, Ipar Atlantikoa eta nazioarteko urak.

 

-          Arrantza-modalitateei dagokienez (arte txikiak, arrastea, inguraketa eta tretza), istripuen ehuneko handiena  -guztizkoaren herena baino handiagoa-  arte txikiei dagokie bi aldietan.

 

-          Denboraldi bietan ere, istripua gertatzean, kaltetutako ontzi gehienak sakonera txikian zeuden, zero eta hamar metro bitartean, hain zuzen.

 

-          Istripuak gertatu ziren ordu-tarteari dagokionez, bi denboraldietako datuak oso homogeneoak dira, eta bat datoz ontziak arrantzan ari ziren orduekin. Ezbehar gehienak,  00:00etatik 12:00etara gertatu ziren.

 

-          Haizearen indarraren eraginari dagokionez, istripu gehienak barealdia eta 15 korapiloren arteko baloreekin gertatu ziren. Halaber, ikusi da haizearen intentsitatea handitzen denean, istripuak gutxitu egiten direla.

 

-          Ezbeharra eragin duen gertakariari dagokionez, bi aldietako arrazoi nagusia, iraulketa izan da (hondoratzea).

 

Txostenaren amaieran, autoreek zenbait neurri indartzeko beharra aipatzen dute: tripulazioen prestakuntza hobetzea, indarrean dagoen segurtasun-araudia berrikustea eta ontziak iraultzea saihestea, egonkortasuna hobetzeko sistemen bidez.