Argitaratu da 'Mugikortasun seguru eta jasangarriaren eredu-plana enpresan'

Gida honek enpresei eta langileei informazioa eta tresnak ematen dizkie, bide segurtasuna eta mugikortasun jasangarria hobeto kudeatzeko.

Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT), Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalaren (INSST) eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren (ITSS) laguntzarekin, ‘Bide Segurtasuneko Eredu-Plana Enpresan’ argitaratu  berri du. Dokumentu hori enpresetako arriskuen prebentzioko arduradunei laguntzeko gida gisa sortu zen. 2011ko lehen bertsiotik igarotako hamarkada honetan, oso baliagarria izan da enpresa askorentzat, gehienak tamaina ertainekoak eta handiak.

Dokumentuaren bertsio eguneratuak, ‘Mugikortasun seguru eta jasangarriaren Eredu-plana’ izenekoak, aurrekoa baino erabilgarriagoa eta didaktikoagoa izan nahi du enpresa txiki eta ertainentzat, horiek gure enpresa-sarean ugarienak baitira. Erakunde sustatzaileek hitzaurrean adierazi dute beren helburua dela “lanarekin  zerikusia daukaten joan-etorrietan mugikortasun seguruagoa eta jasangarriagoa lortzeko aldaketa bideratzea”. Beren ustez, helburu hori “lehentasunezko erronka izan behar du inplikatutako sektore guztien jardueran; hau da;  administrazio publikoak, enpresak, sindikatuak eta langileak”.

Lan-istripuengatiko heriotzaren lehen arrazoietako bat, trafiko-istripuak izan dira. Gehienak ibilgailu motordunetan gertatzen dira, batez ere autoetan eta motozikletetan. Egunero, milioika pertsonek beren lantokirako  joan-etorri gehienak horrelako ibilgailuetan egiten dituzte.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalaren (INSST) laneko trafiko-istripuei buruzko azken txostenaren datuen arabera (ALT), 2018an,  33 ordutik behin gutxi gorabehera, pertsona bat hil zen trafikoko lan-istripu baten ondorioz. Hau da, lanera joatean edo lanetik bueltatzean edo lanaldian zehar mugitzean. Kopuru horrek, gainera, azken urteotan goranzko joera nabarmena izan du.

Gaur egungo mugikortasun ereduak -neurri handi batean gure hirietako hirigintza-aldaketak eraginda-, ongizateari eta bizi-kalitateari kalte egiten dioten beste ondorio batzuk ere dakartza. Hala, zirkulazio-pilaketak, emisio kutsatzaileak, trafikoaren zarata edo petroliotik eratorritako erregaien mendekotasun handia,  eredu horrek eragindako inpaktu negatiboen adibide nabarmenak dira.

 

Joan-etorrien kudeaketa

 

Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako Plana,  enpresako mugikortasuna hobetzeko ekintzen multzoa definitu eta garatzen duen tresna edo estrategia da. Joan-etorrien kudeaketa arrazionala egiten duenez, eurei lotutako arriskuak murriztu egiten dira: trafiko-istripuak eta ingurumen eta gizarte eraginak, bai langilearentzat berarentzat, bai gizarte osoarentzat. Bere helburua da langileek beren lanpostuetara joan-etorri seguruak, eraginkorrak eta jasangarriak egitea lortzea eta garraiatzeko modu jasangarrienak sustatzea: oinez, bizikletaz edo garraio publikoan.

Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako Plana enpresan ezartzeak 2030 Agendan jasotako Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) betetzen laguntzen du, eta eragin zuzena du, besteak beste, lan duina eta hazkunde ekonomikoari buruzko 8. GJHan, osasunari eta ongizateari buruzko 3. GJHan eta klimaren aldeko ekintzari buruzko 13. GJHan. Era berean, bat dator aditu akademikoen taldeak  joan den urtean Munduko Ministroen Hirugarren Konferentziarako Bide Segurtasunari buruz egindako Gomendioen Txostenarekin. Txostenak azpimarratzen du beharrezkoa dela erakunde publikoek eta pribatuek bide-segurtasuneko jarduerekiko konpromiso handiagoa izatea.

Eragile horien guztien inplikazioa bereziki beharrezkoa da enpresa-poligonoetan edo eraikin handietan dauden lantokietan, horietara langile asko joaten direlako.  Kasu horietan, udalek, mugikortasun planen bidez egiten duten jarduerarekin batera, funtsezkoa da enpresek parte hartzea. Irisgarritasun-baldintzak hobetzeko, honako  erabaki hauek har ditzakete: planifikazio bateratua, mugikortasun zentro komun bat sortzea eta mugikortasun kudeatzaile bat izendatzea.