Adinekoen zaintzan arrisku psikosozialak kudeatzeko gida

Dokumentu honetan,  adineko pertsonak zaintzen dituztenek hartzen dituzten arrisku psikosozial nagusiak aurkezten dira. Prebentzio-neurri batzuk ere agertzen dira, aipatutako horiek  beren laneko osasunean izan ditzaketen ondorioak saihesteko edo murrizteko.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak (INSST) ‘Adineko pertsonak zaintzeko jardueraren arrisku psikosozialak kudeatzeko gida’ argitaratu du. Gida hori zuzenduta dago egoitzetan eta etxez etxeko arreta-zerbitzuetan lan egiten duten zaintzaileen lan-arriskuak kudeatzen dituzten arduradunei. Hartzaile nagusiak enpresaburuak, prebentzioko teknikariak eta langileen ordezkariak dira.

Adineko pertsonei laguntzeko eta zaintzeko lanak gogorrak dira, bai fisikoki, bai psikologikoki. Lan sektore oso feminizatua da, eta enplegatutako hamar pertsonatik, bederatzi emakumeak dira  berrogeita hamar urte ingurukoak. Gehienek sektore pribatuan lan egiten dute, batez ere egoitzetan eta etxeetan, eta horietan nagusi dira kontratu mugagabeak eta lanaldi osokoak. Askok lanbide heziketako erdi mailako ikasketak dituzte. Sektorean, etorkinen proportzioa beste jarduera batzuetan baino handiagoa da, nahiz eta hiru laurdenek nazionalitate espainiarra duten.

Adinekoen zaintza profesionalaren oinarrizko eginkizuna, eguneroko bizitzako funtsezko jarduera guztietan laguntzea da. Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko 39/2006 Legearen  2. artikuluak (Mendekotasunaren Legea) honela definitzen ditu lan horiek: “pertsonaren oinarrizko zereginak, gutxieneko autonomiarekin eta independentziarekin moldatzeko bidea ematen diotenak, hala nola, zaintza pertsonala, etxeko oinarrizko lanak, funtsezko mugikortasuna, pertsonak eta objektuak ezagutzea, orientatzea, eta agindu edo lan errezak ulertzea eta egitea”.

 

Arrisku-faktoreak

Egoitzetan eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuan, lantokiari lotutako arrisku batzuk daude, hala nola suteak, erorketak eta kolpeak, edo agente biologikoen eta substantzia kimikoen eraginpean egotea. Gainera, zaintzaileek lanpostuaren berarizko  arrisku-faktoreei aurre egin behar diete, eta horien artean oso garrantzitsuak dira  faktore psikosozialak eta ergonomikoak, erabiltzaileek zuzeneko eta etengabeko arreta behar dutelako sortzen direnak. Etxez-etxeko langileen  kasuan kontuan hartu behar dira ere eurek bakarrik lan egitearen ondoriozko arriskuak.            

Arrisku psikosozial nagusiak hauek dira: estresa, ‘Burnout’ sindromea edo ‘lanean erreta egotearen sindromea’ (SQT), indarkeria edozein agerpenetan eta txandakako eta gaueko lanaren ondoriozko asaldurak. Horiek guztiek pertsonen osasunari eragiten diote, bai prozesu fisiologiko, emozional, kognitibo eta sozialetan duten eraginaren bidez, bai zuzeneko kalteak sortuz, indarkeriazko jokabide batzuen kasuan bezala. Gainera, nahi ez diren beste ondorio batzuk ere eragin ditzakete, adibidez, muskulu-hezurretako arazoak, nekea, laneko istripuak, absentismoa edo lanpostua behar baino lehenago uztea.

Esku-hartze neurriak

INSSTk badaki bere Gidak proposatzen dituen “neurri guztiak ez direla posible, ez bakarrak”. Azpimarratu du laguntza gisa interpretatu behar direla, identifikazio eta ebaluazio prozesuan lortutako informazioaren eta inguruabarren arabera hartu beharreko prebentzio-neurri zehatzak erabakitzeko.

Gidak proposatzen dituen  prebentzio neurrien artean, honako hauek daude:

-          Eginbeharrak planifikatzea, helburuak, lehentasunak eta lan-metodoak ezarriz. Funtzioak eta erantzunkizunak definitzea, erritmoak egokitzea eta lan-kargak banatzea lan-gailurrik egon ez dadin.

-          Lan-karga diseinatzea faktore guztiak kontuan hartuta: egin beharreko lanak, erabiltzaile-profilaren araberako ratioak, ezustekoak eta lan-gailurrak, txandaketak, etab.

-          Langileek parte hartzea lanak planifikatzen, lana banatzen, gorabeherak konpontzen, ekipoak erosten edo txandak eta oporrak esleitzen, aldizkako bileren bidez.

-          Lan-karga planifikatzea, adinekoei laguntzeko eta entzuteko lanak barne egon daitezen.

-          Txandatzea sustatzea arrisku handiko lanpostuetan: mendekotasun handiagoko egoiliarrak, lizkartiak, etab.

-          Egoiliareren arreta langileen artean berdintasunez banatzea, beren beharren eta mendekotasun mailaren arabera.

-          Gaueko txandako lan-karga behar bezala doitzea, gomendio ergonomikoak kontuan hartuta.

-          Langileak trebatzea estresari aurre egiteko tekniketan, komunikazio-gaitasunean eta erabiltzailearekiko tratuan.

-          Langile  kopuru egokia eta kualifikazio egokiarekin izatea.

-          Indarkeria identifikatzeko eta nork bere burua babesteko tekniketan trebatzea,  eta indarkeria-kasuen aurrean erabiltzaileak maneiatzeko moduetan, erlaxazio-tekniketan eta abarretan trebatzea.

-          Indarkeriazko gertakariak jakinaraztea eta erregistratzea, eta Zuzendaritzaren laguntza bermatzea berehalako ondorioak tratatzeko.

 

Bakarkako lanaren kasuan, Gidak neurri berezi batzuk hartu beharra aurreikusten du, adibidez:  

-          Arduradunekin eta etxez etxeko laguntzako beste langileekin aldizkako bilerak egitea, jarraibideak jasotzeko eta esperientziak partekatzeko. Bilerak osatzeko, langileek telefonoz hitz egin dezakete, informazioa trukatzeko, kontsultak egiteko eta isolamendu-sentsazioa arintzeko.

-          Erabiltzaileek, senitartekoek edo hirugarren pertsonek sortutako  indarkeria-egoeren berri emateko kanal bat prestatzea.

-          Erabiltzaileen beharren eta arazoen aurretiazko ebaluazioak egitea, langileei informazioa emateko eta egin beharreko lanak doitzeko.