Teknologia berriak eta laneko arriskuen prebentzioa: mehatxuak eta aukerak (II)

Dagoeneko, simulagailu, drone, exoeskeleto eta analitika prediktibo bezelako kontzeptuak, hitzak eta tresnak, prebentzioaren esparruko ohiko lexikoaren zati bihurtu dira

Teknologia berriek prebentzioaren ikuspuntutik dakartzaten mehatxu eta aukerei buruzko artikulu multzoaren lehen emanaldian, telelanarekin harremana zeukaten gaiak landu ziren. Zenbait azterlanen arabera, Covid-19ak eragindako konfinamenduak telelana laukoiztu zuen, baina jardunbide hori oraindik, behin-betiko legezko akordioaren eta gizarte-eragileen adostasunaren zain dago. Bost hilabete geroago eta birusaren agerraldien bilakaera ikusirik, baliteke telelana egiteko gomendioak indarrean jarraitzea.

Bigarren artikulu honetan gainetik azalduko dira aurrerapen teknologikoek eta beren aplikazioek laneko segurtasunean eta osasunean planteatzen dituzten abantailak eta eragozpenak. Hirugarrena  -azkena izango dena-, “teknoestresa”ri buruzkoa izango da.

 

Baliabide berriak

 

“Lanpostuaren transformazio digitalaren” inguruan sortzen ari den egoera, kontzeptu, hitz eta tresna berri ugariz beteta dago. Analistak eta adituak aztertzen ari dira, geldiezinak diruditen joera hauen ondorio negatiboak konpentsatzeko moduak. Enpresek gero eta tresna gehiago erabiltzen dute langileen portaera aurreikusteko, jarduerak eta prozesuak algoritmoen bidez kudeatzen dituzte eta langileen osasunari eta ongizateari buruzko informazio biometrikoa eta datuak biltzen dituzte.  Adierazitako hori, ”big data” deritzonaren aldaera bat da eta “laneko datafikazioa” deitzen da.   

Dinamika honen hurrengo fasea, eskura dagoen informazio mordoa  aprobetxatzea da eta horretarako algoritmoak prestatu dira langileen portaerari buruzko analisiak eta aurreikuspenak egiteko eta langileen kudeaketan erabakitzeko sistemak sustatzeko, ikaskuntza automatikoaren laguntzaz. Hori da “machine learning” deritzona. 

Hala ere, tresna hauek,  arauek oraindik konpondu ezin izan dituzten etikari, legaltasunari eta pribatasunari buruzko zenbait arazo planteatzen dute, arauak, beti bezala, teknologiaren atzetik baitoaz. Dena den, eragin positiboa edo negatiboa, bere aplikazio zehatzaren araberakoa izango da eta funtsezkoa izango da prebentzio eta giza-baliabideen sailetan.

Prebentzio teorikoa eta praktikoa

 

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiek (IKT) laneko arriskuen prebentzioan duten eraginak, gero eta analisi eta azterlan gehiago egotea dakar. Fenomeno hau, funtsean, bere bi alderdiak bereiztuz aztertzen da: teorikoa eta praktikoa

Esparru teorikoan,  “big data” dago,  istripuak lanpostu bakoitzaren arriskuen arabera aurreikusteko. Teoriaren barruan ere, gailu mugikorrak aprobetxatzea dago,  prebentzioko jardueren egite zuzena kudeatzako, ikuskatzeko eta jarraipena egiteko bai eta alertak igortzeko/jasotzeko eta txostenak egiteko ere.

Balio handiko beste baliabide bat plataforma digitalak dira, bereiziki, langileak LAPan trebatzeari dagokionez. Aipatutako plataforma horiek,  informazioa partekatzea, joku interaktiboetan parte hartzea eta iradokizunen postontzietan sartzea ahalbidetzen dute   eta guzti horiek,  langileen eta nagusien arteko kontaktua sustatzen dute. 

Praktikari dagokionez, droneak eta exoskeletoak nabarmentzen dira. Lehenengoak oso baliagarriak dira  alde arriskutsuetan edo heltzeko zailak diren horietan segurtasun neurriak betetzen direla ikusteko eta kontrolatzeko. Bigarrenak, lan jakin batzuen eskakizun fisikoa arintzeko direnak, funtsezko tresna izango dira, arazo muskulu-eskeletikoak murrizteko.