Osalaneko azken kanpainaren eragin handia

Argitalpen-data: 

“Segurtasuna eta osasuna lan duinaren oinarria dira” azken kanpainako bideoak 250.000 bistaratze baino gehiago izan dituenez, YouTuben gehien ikusi diren Eusko Jaurlaritzako bideoen sailkapeneko laugarren postuan dago.

Jarraipenari buruzko datuek egiaztatu egiten dute horrelako sentsibilizazio-kanpainek badutela hazteko gaitasunik

Osalanek laneko segurtasun eta osasunaren inguruan sentsibilizatzeko egin duen azken kanpaina ekainaren 25etik uztailaren 14ra arte garatu da “Segurtasuna eta osasuna lan duinaren oinarria dira” lelopean, eta lortu duen ikus-entzunezko jarraipenak erruz gainditu du era bereko aurreko ekimenek erdietsitakoa.

Hain zuzen ere, bere bideoak 250.000 bistaratze baino gehiago izan ditu, eta, haietatik, 162.000 YouTuben egin dira zuzenean, hau da, 2013an ireki zenetik Osalanek plataforma horretan guztira erregistratutakoaren %27,6; eta 91.686, Facebooken bidez. Jarraipen osoaren datu hori kontuan hartuta, YouTuben gehien ikusi diren Eusko Jaurlaritzako bideoen sailkapeneko laugarren postuan dago, beraz.

Azken kanpainako komunikabideen planaren arabera, sare sozialetan eta interneteko publizitate-kanaletan (Adwordsen eta erosketa programatikoan) zabaldu da, baita ohiko komunikabideetan (prentsan eta irratiko iragarkietan) eta kanpoko publizitate-euskarrietan (autobus-geltokietako markesinetan eta Metro Bilbaoko publizitate-pantailetan) ere. Jarraipenean lortutako datuek egiaztatu egiten dute arriskuen prebentzioan eta laneko osasunean garatzen diren kanpaina horiek badutela hazteko gaitasunik, eragin handiak erdiesteko sektore zaila dela kontuan hartuta. Era berean, sareetako marketin digitaleko eta erosketa programatikoko ekintzek %133,30 handitu dute Osalanen webguneko erabiltzaileen trafikoa, iazko epealdi beraren aldean (ekainaren 21etik uztailaren 14ra arte), 7.840tik 18.279ra igo dira-eta.

Aurkezpena eta helburuak

Honako hauexek Osalanen kanpaina aurkeztu zuten Bilbon ekainaren 24an: Laneko eta Justiziako sailburua, Mª Jesús San José; Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordea, Jon Azkue; eta Osalaneko zuzendari nagusia, Alberto Alonso.

Eskumenen arabera, lan-munduan integratutako pertsona guztiak izan dira kanpainako hartzaileak; eta, zeharkako esparruan, gainerako eragile eta sektore sozialak. Izan ere, besteak beste, honako hauexek izan dira kanpainaren helburuak: lan-munduak laneko segurtasun zein osasunarekin daukan konpromisoa sendotzea eta mezu hori gizarte osoan eragina duen gai garrantzitsu moduan indartzea.

Urtea amaitu baino lehen, urriaren 14tik 20ra garatuko den Laneko Segurtasun eta Osasunerako Aste Europarraren ostean, Osalanek kanpaina honi ekingo dio berriro, bere mezua indartzeko asmoz.