Osalanek II. Prevencionar Biltzarrean parte hartuko du

Urriaren 3an eta 4an Madrilen egingo den II. Prevencionar Biltzarraren garapenean parte hartuko du. Biurteko ekitaldiak erreferentea izan nahi du laneko segurtasun, osasun eta ongizatearen arloan dauden jarduketa onenak eta joerak zein diren jakin nahi duten profesionalentzat

Osalaneko zuzendari nagusiak ‘Lan duina, lan segurua’ hitzaldian nabarmenduko du negoziaketa kolektiboa ere badela laneko osasunean aurrera egiteko bidea

Osalaneko Genero Taldeko kideek ‘Genero-ikuspegia laneko arriskuen prebentzioan (LAP) integratzeko urratsak’ ponentzia azalduko dute

Arabako Osalaneko LAPeko arduradunak ‘Zaharberrikuntzarako obrak. 1627 Errege Dekretutik harago’ hitzaldia aurkeztuko du.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak bere “erakustokia” eta honako hauexek azalduko dituzten hitzaldiak izango ditu II. Prevencionar Biltzarrean: erakundeko zuzendari nagusia, Alberto Alonso Martín; Genero Taldeko kideak, Alazne Azpiroz Unsain eta Begoña Lekue Gotxikoa; eta Arabako Lurralde Zentroko Laneko Arriskuen Prebentziorako Saileko arduraduna, Alberto Alonso Vivar.

Urriaren 3an, goizean, Osalaneko zuzendari nagusiak ‘Lan duina, lan segurua’ hitzaldia eskainiko du. Arratsaldean, ordea, ‘Emakumeen lidergoa LAPen sektorean’ eztabaida moderatuko du.

Bestetik, Osalaneko Arabako Lurralde Zentroko Laneko Arriskuen Prebentziorako Saileko arduradunak, Alberto Alonso Vivarrek, ‘Zaharberrikuntzarako obrak. 1627 Errege Dekretutik harago’ hitzaldia emango du arratsalde horretan bertan.

Era berean, Genero Taldeko kideek, hau da, Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikaria den Alazne Azpiroz Unsainek eta laneko medikua den Begoña Lekue Gotxikoak ‘Genero-ikuspegia laneko arriskuen prebentzioan (LAP) integratzeko urratsak’ ponentzia azalduko dute hurrengo eguneko goizean.

II. Prevencionar Biltzarraren izenburua “Teoriatik praktikara” da, bertako zuzendaria den Agustín Sánchez-Toledo Ledesmak esan duenez, honako hauxe delako helburua: “jakintza desberdinak kudeatu eta arlo desberdinetan diharduten bi errealitate, hau da, unibertsitatea eta enpresa, modu unibokoan lotzen saiatzea”. Prevencionar Biltzarraren bigarren edizio honetan, nazio-mailako eta nazioarteko mila eta bostehun profesional baino gehiago elkartuko dira, eta, bi lan-jardunaldi bizitan, 150etik gora hizlarik emango dituzten 120 hitzalditara baino gehiagotara joango dira.

Negoziaketa kolektiboaren ahalmena

Osalaneko zuzendari nagusiak ‘Lan duina, lan segurua’ hitzaldiaren testuan ziurtatzen duenez, “gizartea duina izan dadin, ezinbestekoa da bertan garatzen den lana ere duina izatea”. Bere esanetan, “honako hauxe sortzen duen enplegu emankorra eskuratzeko aukera ematen duena” da ‘lan duina’: “bidezko diru-sarrera; lantokiko segurtasuna eta familientzako babes soziala; norberaren garapenerako eta integrazio sozialerako aurreikuspen hobeak; askatasuna, gizabanakoek euren iritziak adierazi ditzaten, antolatu daitezen eta haien bizitzan eragina duten erabakietan parte hartu dezaten; eta denontzako aukera zein tratu berdintasuna, emakumeentzat nahiz gizonentzat, alegia”. Ondoren, horrelakoa izateko, “baldintza horiek guztiak bete” behar dituela azpimarratzen du.

Ostean nabarmentzen duenez, nahiz eta “arduradun politikoen agendetan gero eta sarriagotan agertu kalitateko enpleguak eskaintzea premiazkoa dela” eta nahiz eta “laneko istripuen eraginaren indizea erdira jaitsi den azken 15 edo 16 urteotan”, 2018an Euskadin “34.000 lan-istripu egon ziren ia-ia, eta, haietatik, 207 larriak izan ziren; eta 37, hilgarriak”. “Agerikoa denez –adierazi egin du–, oraindik badago zer eginik laneko arriskuen prebentzioari dagokionez”.

Alde horretatik, nabarmendu egiten du instituzioek garatzen duten arauzko lana ez dela berez nahikoa laneko osasuna babesteko orduan. Izan ere, legezko eskakizunetatik harago, prebentzioaren kulturaren hedapenaren bidez bermatu beharra dago. Bere esanetan, instituzioen jarduketak “arriskuen prebentzioa legezko eskakizuna baino ez dela uste duten enpresa asko” izan behar ditu helburu. “Laneko segurtasuna eta osasuna garrantzitsuak direla ulertzen lagundu behar zaie –azaldu egin du–... lehenengo eta behin, eragina dutelako bertan lan egiten dutenen bizi-kalitatean... baina, horrez gain, arlo horretako inbertsioak faktore erabakigarria direlako eraginkortasunean nahiz emankortasunean hobetzeko orduan... absentismoa eta osasuneko kostuak murrizten dituztelako”.

“Beraz –zehaztu egin du–, hala eta guztiz ere, ezarritako araudia betetzea nahikoa dela uste duenari gogoratu nahi nioke arautegia ez dela administrazioetako eta politikarien bulegoetan bakarrik egiten. Negoziaketa politikoaren bitartez, hau da, patronalaren eta sindikatuen artean, badago arlo horretako adostasuna ere lortzerik, horren ondorioz derrigorrean bete beharreko arauak sortu daitezen”.