Osalanek bere aldizkari berria jarri du abian

Argitalpen-data: 

2016ko abenduan, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Zuzendaritza Nagusia onartu nuen, eta asmo handiko erronka nuen helburu: arriskuen prebentzioaren garrantziaren inguruko kontzientzia hedatzea maila sozial guztietan eta osasuna babesteko balioak eguneroko bizimoduaren berezko osagaiak izatea.

Nire ustez, Osalanen jarduerak badauka lorpenak erdiesterik, izena ematen dion lana/osasuna binomioari eduki teknikoa eskaintzen dioten proposamen aurreratuak ezarriz gero eta laneko osasunaren inguruko kontzientzia kolektiboa sentsibilizatuz gero, harik eta euskal gizartearen ezaugarri bereizgarria izan arte.

‘Prebentzioaren kultura’ zabaltzeko, zenbait arlotan lan egin behar dugu, eta, hortxe, garrantzi berezia dauka komunikazioaren atalak. Hartara, webgunean eta sare sozialetan egiten dugun ahaleginaz gain, orain aldizkari hau ere jartzen dugu abian, zugandik hurbilago egoteko, geure mezuak azkar eta erraztasunez bidaltzeko eta zu zeu laneko segurtasun zein osasunaren kulturaren igorpenerako kate-maila izateko.

Zerbitzu honek honako hauexek ditu xede: prebentzioko teknikariak, enpresak, eragile sozialak, prebentziorako zerbitzuak, mutualitateak, elkarte profesionalak, komunikabideak, unibertsitateak, laneko medikuntzako nahiz erizaintzako profesionalak eta Osalanen egunez egunekoaren eta, oro har, laneko segurtasun zein osasunaren inguruko interesa duten guztiak.

Unean-unean Osalaneko erantzukizun-postuetan nor dagoen kontuan hartu gabe, tresna hau erakundeak gardentasunarekin eta komunikazioarekin daukan konpromisoaren adierazgarri izango delakoan nago, baita laneko segurtasuna eta osasuna zure bizitzaren berezko osagaia izatea lortzen lagunduko digulakoan ere.