Euskadiko 2018ko laneko ezbehar-tasari buruzko txostena

Argitalpen-data: 

Osalanek Laneko Istripuei eta Gaixotasun Profesionalei buruzko 2018ko Urteko Txostena argitaratu du, eta honako hauxe dakarkigu gogora: “oso-oso beharrezkoa da prebentzioak gure gizartearen osagai guztien kulturan eduki beharreko integrazioan sakontzea”.

Gaixotasun profesionalaren kasu berriak %16 handitu dira emakumeen artean; eta %4, gizonen artean, haiengan eragin handiagoa dutelako birgaixotzeek (+%22)

Laneko istripuen %68 laneko arriskuak ebaluatzen dituzten enpresetan gertatzen dira

2018an, gaixotasun profesionalen (GP) aitorpenek gora egin dute berriro, aurreko urtean baino %9 gehiago egon dira-eta. Jakinarazitakoen 3.005 agirietatik, 2.064 gaixotasun berriengatik sortu ziren, hau da, aurreko urtean baino %8 gehiago; eta 941, gaixotzeengatik, %12 gehiago, alegia. Aitorpenen gorakada berbera izan zen emakumeen eta gizonen artean, nahiz eta lehenengoen artean kasu berrien ondorioz igo diren, neurri handi batean; eta, bigarrenen artean, gaixotzeen ondorioz. Berriro ere, bajarik gabeko GPen agirien kopurua (%54) bajadunena (%46) baino handiagoa izan da, eta baja-epealdiaren iraupena ezer gutxi laburtu da. GPren eragin-tasaren bilakaeraren arabera, 2011-2018ko epealdian beherakada %17koa izan da guztira, sexuen araberako portaera ere desberdina izan den arren: gizonen artean, %25 jaitsi da, eta, emakumeen artean, %19 igo da.

Bestetik, 2018an agintaritzari jakinarazitako eta lanaldian gertatutako bajadun lan-istripuen kopurua 29.879koa izan zen guztira, hau da, 2017an baino %1,3 handiagoa. Haietatik, 29.685 arinak izan ziren; 162, larriak; eta 32, hilgarriak. Edonola ere, langileen kopuru osoari dagokionez, eraginaren indizea 38,01etik 37,55era jaitsi zen 1.000 langileko, bajadun istripudunen artean, hau da, %1,2 murriztu zen. Bajadun ‘in itinere’ istripuen kasuan, kopuru osoa (3.827) %2,2 jaitsi zen 2017ko datuaren aldean. Haietatik guztietatik, 3.787 arinak izan ziren; 37, larriak; eta 3, hilgarriak.

Eragile sozialen partaidetza

Osalaneko zuzendari nagusia den Alberto Alonsoren iritziz, ezbehar-tasari buruzko datu horiek hobetu nahi izanez gero, ezinbestekoa da eragile sozial guztiek "bete-betean parte hartzea", "laneko segurtasun zein osasunean behar diren aurrerakuntzak" lortu ahal izateko. “Nahitaezkoa da –nabarmendu egin du– enpresariak proaktiboak izatea eta prebentzioa bera euren enpresetako eguneroko kudeaketaren berezko osagaitzat hartzea. Izan ere, ulertzeko modukoa denez, zeresan handia dauka bertan lan egiten dutenen bizi-kalitatean, baina, horrez gain, laneko segurtasun zein osasunaren arloan egindako inbertsioak faktore erabakigarria dira eraginkortasuna eta emankortasuna hobetzeko orduan”.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko arduradunak azpimarratu duenez, beharrezkoa ere bada “laneko jokabide seguru bezain osasungarriak normalizatzen eta berez integratzen laguntzea”. Alde horretatik, bere esanetan, “irtenbide eta jarrera onak eskaini" behar dira “urrats txikien bidez, apurka-apurka sortutako gizarte horretan pertsonen bizitzak ezerezean edo murriztuta geratu ez daitezen, euren lana nolako baldintzetan garatu behar duten kontuan hartuta”.

Loturak interesgarria

Euskadiko 2018ko laneko ezbehar-tasari buruzko txostena (PDF, 2 MB) (leiho berri batean irekitzen da)