Arrisku psikosozialak errepideko garraioan

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak (INSST) argitaratu berri duen argitalpen batean, errepideko garraioan arrisku psikosozialak prebenitzeko alderdi garrantzitsuak aztertzen dira; baina bereziki, sektorearen jarduera nagusian, hau da, ibilgailuak gidatzean.

“Arrisku psikosozialeko faktoreak eta berari lotutako arriskuak errepideko garraioaren sektorean” izeneko azterlana, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Espainiako Estrategiaren (EESST 2015 2020) Ekintza Planaren garapenaren barruan dago. Plan horren helburua da laneko baldintzak hobetzea istripu eta gaixotasun profesional asko dituzten jardueretan.

Dokumentuak bi bloke ditu. Lehenak, oro har, errepideko garraioaren sektore osoari buruzkoak, deskribatzen ditu arrisku psikosozialeko faktore ohikoenak, horiek osasunean eragin ditzaketen ondorio nagusiak eta prebentzio-neurri batzuk. Bigarrenak bost zati ditu. Horietako bakoitza, honako gidatze-jarduera hauen arrisku psikosozialei dagokie: errepideko garraio kolektiboa (autobusak); bidaiarien garraioa taxian, errepideko osasun-garraioa (anbulantziak); salgaien garraioa (kamioiak); eta mezularitza-zerbitzuak, paketeak eta karga txikiak.

Azterlanak arrisku psikosozialeko faktoreak aipatzen ditu, hala nola lan-kargatiko presioa, lanaldi luzeak, laneko denbora irregularrak, bakarkako lana, lan gatazkatsuak eta indarkeriaren eraginpean egotea.

Europako ‘Sixth European Working Conditions Survey’ eta Eurofound 2017 (Lan Baldintzei buruzko Europako VI. Inkesta) azterlanek, eta Estatuko ‘Lan Baldintzei buruzko VI. Inkesta Nazionalak, Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalak -INSHT 2015ean argitaratua, adierazten dute garraioan aritzen diren langileek, gainerako sektoreetakoek baino ondorio negatibo gehiago dituztela. Zehazki, Inkesta Nazionalak dio kamioi-gidarien, banatzaileen, taxisten eta bestelako gidarien %33,1ek kalte horiek jasaten dituela. Tipologien arabera, %16k lo-arazoak ditu; %18k nekea; eta %13k haserrekortasuna.

 

Prebentzio neurri orokorrak

 

Nahiz eta prebentzio neurriek egoera bakoitzerako berariazkoak izan behar duten, INSSTren azterlanak ildo orokor hauek aipatzen ditu gidari profesionalen jardueretan esku hartzeko:

 

-          Ebaluazioetan kontuan hartzea arrisku fisikoek, ergonomikoek eta psikosozialek izan ditzaketen elkarreraginak,  ikuspegi orokorrarekin.

 

-          Arrisku fisikoak eta antolamenduzkoak konbinatzetik etorritako  ondorio kognitibo negatiboez jabetzea, horiek nekearekin duten erlazioaz eta istripu-arriskuan duten eraginaz.

 

-          Nekea kudeatzeko programak ezartzea, ordutegiak mugatzea eta atsedenaldi egokiak ematea.

 

-          Eskaerak (karga, erritmoa eta zereginak) eta baliabideak (prestakuntza egokia, teknologia, plantilla nahikoak…) doitzea.

 

-          Laneko denbora eta bere antolamendua diseinatzea (txandak eta gauak), ondorio kaltegarriak ahalik eta gehien murrizteko.

 

-          Lanaren, lanpostuen eta prestakuntzaren antolaketa egokitzea langileen zahartzeari, enplegagarritasunari eusteko.

 

-          Berariazko neurriak aurreikustea indarkeriarekiko esposizioaren jarraipena, prebentzioa eta kontrola egiteko. Langileei prestakuntza ematea indarkeriazko egoerak kudeatu ditzaten eta behar den moduan jakinazi dezaten.

 

-          Prebentzio ondorioetarako kontuan hartzea, gidarien taldearen gero eta aniztasun handiagoa,  emakumeen, migratzaileen eta berariazko kontratu baldintzak (lanaldi partziala, azpikontratatuak, Trade5…) dituzten langileen beharrizan bereziei erantzuna emateko. 

 

-          Emakumeen laneratzea errazteko, kontziliazio arazoak eta zenbait lanposturen karga fisiko handia konpontzen laguntzea, eta laneko instalazioak eta espazioak egokitzeko lanak egitea.

 

-          Atsedenerako, ariketa fisikorako eta jateko  azpiegitura hobeak izaten laguntzea.