Osalanek 2021erako 15,6 milioi euroko aurrekontua du

EAEko Aurrekontu Orokorrek ekitaldian zehar Eusko Jaurlaritzak garatuko dituen ekimen nagusiak jasotzen dituzte. Osalani dagokionez, 15,6 milioi euro baino pixka bat gehiagoko aurrekontua du; Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak egindako transferentziaren bidez, 13.3 milioi euro, eta diru-sarrera propiotik 2,3 milioi euro, hau da, 2020ko aurrekontuarekin alderatuta, % 7,2 gehiago.

Nabarmentzekoa da 700.000 eurotik gora I. kapituluko gehikuntzari dagokiola, 12 langile kontratatu baitira, Osalanek, Covid-19 pandemia hasi zenetik, egiten duen miaketa-lana indartzeko. Osakidetzarekin eta prebentzio-zerbitzuekin elkarlanean, covid19 kasuak eta kontaktu estuak bilatzen dira, eta, gainera, zeregin horiek zuzenean bertako langileekin ere egiten dira autonomoen edo ezaugarri bereziko kolektiboen kasuetan, hala nola itsasontzietako, sasoikako langileen eta ostalaritzako langileen kasuan, besteak beste. Lan hori etengabea izan behar da, arratsaldeak, jaiegunak eta asteburuak barne, laneko kontaktu estuak azkar detektatzeak birusaren hedapena geldiarazten laguntzen baitu.

Jarduera horrek agerian utzi du oso garrantzitsua dela Eusko Jaurlaritzako sail guztien arteko koordinazioa: osasuna, kultura, garapen ekonomikoa, hezkuntza eta gobernantza, besteak beste; Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiari esker, lan-ildo bateratua izango duen koordinazioa. Hurrengo 5 urteetarako den Estrategia hori garapen-fasean dago.

Osalanen 2021erako proiektu eta jarduera aipagarrienetako batzuk honako hauek dira:

Prebentzioaren kultura komunikatzeko eta hedatzeko jarduerak oso garrantzitsuak dira gizarte osoa kontzientziatzeko; hori horrela, 2021. urterako aurrekontua 200.000 eurokoa da. Osalanen webgunearen garrantzia frogatu da, duen bisita eta deskarga kopurua horren lekuko: prebentzio-gidak, zalantza ohikoenei emandako erantzunak edo jardunaldien osteko hitzaldiak.

Zabalkunde-jarduerei dagokienez, eta Lan Harremanen dekalogoaren segurtasuna eta osasuna sustatzeko politiken bidez, Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren bidez eta, zehazkiago, lan-osasuneko lantaldearen bidez, ETEetan laneko arriskuak prebenitzeko Euskal Behatokia eratu da. Ebaluazio- eta jarraipen-batzordean onartutako jardueren bitartez, mota horretako enpresetan prebentzio-kultura indartu nahi da. Horretarako, 250.000 euroko aurrekontua ezarri da 2021eko ekitaldirako.

Osalanek garrantzi berezia ematen die, halaber, prestakuntza-jarduerei; izan ere, beharrezkoa da pertsonak lan-arriskuen prebentzioaren arloan prestatuta egotea, ez bakarrik legeak hala agintzen duelako, baizik eta prebentzio-hobekuntza gehiago abian jarri ahal izateko ere. Hori da prebentzioko ordezkariei zuzendutako prestakuntzaren kasua. Horretarako, 300.000 euroko aurrekontua dago.

Aurten, berrikuntza gisa, 80.000 euroko prestakuntza-partida bat sartuko da aurrekontuan, langile autonomoei laneko arriskuen prebentzioaren arloko prestakuntza emateko.

Gainera, Lanbide Heziketako zentroetako ikasleek Osalanen bisitak egiten jarraituko dute; prebentzioaren arloko hitzaldiak jasotzen dituzte, eta egokitu egin dira, sektoreetara berariaz bideratzeko.

Langile espezializatuen prestakuntzari ere garrantzia handia ematen dio Osalanek, langile horiek jarri behar baitituzte martxan langileei ezarritako prozedurak. Horrela, Prebentzio Zerbitzuetako osasun-langileei zuzendutako prestakuntzak jarraituko du, dagoeneko 3.000 asistentzia baino gehiago dituena.

Bestalde, laneko medikuntzako espezialitaterako prestakuntzako (BAME) mediku espezialisten prestakuntzarekin jarraituko da, eta lan berari ekingo zaio laneko erizaintzako espezialitaterako prestakuntzan espezialista diren erizainekin eta, gradua amaitu gabe ere, Osalanen prestakuntza egiten duten erizaintza-eskolako ikasleekin. Horrek guztiak langile espezialisten hazkundea ekarriko du, gaur egun oso urria dena.

Lehen sektorean ere lanean jarraituko da, lan-arriskuen prebentzioa kolektibo horietara zuzenago eramateko. Horrela, AZTIk 78.000 euroko aurrekontua izango du.

Osalanek laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketaren alde egiten du, eta, bide horretan, Safera sare europarrean hartzen du parte. Sare horretako bazkide da Osalan, Europako hainbat herrialdetako beste erakunde eta organizazio batzuekin batera, industria-segurtasunaren arloko ikerketa koordinatzea helburu hartuta. Horretarako, 2021ean 75.000 euroko aurrekontua izango du.

Halaber, 15.000 euroko partida bat bideratuko da Biodonostiak aurreko ekitaldian biriketako minbizia duten pertsonen artean asbestoak detektatzeko teknika berriak aztertzen jarraitzeko.

Azken batean, aipatutako jarduera guztiek eta Osalanek egunerokoan egiten dituen gainerako proiektuek duten helburu bakarra lan-baldintzak hobetzea da, langileen osasuna babesteko.