Osalanen jarduketa covid 19 (koronabirusa) izurritearen aurrean, 2020ko martxoaren 12an

Sarrera

Espainian koronabirusean positibo eman zuen lehen pazientea 2020/01/31n ezagutu zen.

Euskadin, lehen kasuak 2020ko otsailaren 28an baieztatu ziren Araban eta Gipuzkoan, eta 2020ko martxoaren 3an Bizkaian.

Osalan modu koordinatuan ari da lanean Osasun Saileko Zaintza Epidemiologikoko Unitatearekin gomendioetan eta Erkidegoan dauden kasuen eta kontaktuen jarraipenean.

Osasun Ministerioa arduratzen da, autonomia-erkidegoen parte-hartzearekin, osasun-alertari aurre egiteko prozedurak argitaratzeaz.

1.- egindako ekintzak

Hauek dira Osalanen helburuak:

- Prozedurak prestatzen parte hartzea.

- Langileen, enpresen eta prebentzio-zerbitzuen zalantzei eta kontsultei erantzutea. Erantzun egokia eman ahal izateko, Osalanen epidemiologia-arloko pertsona bat izendatu da lurralde bakoitzeko.

- Epidemiari eusteko lotura izatea, prebentzio-zerbitzuen, batez ere osasun-arlokoen, parte-hartzean.

Osalanek parte hartzen du:

- ZEUrekin batera, prozedura koordinatu bat prestatzen kontaktuen jarraipena egiteko eta lantokietan esku hartzeko.

- Lurraldearteko Osasun Kontseiluaren lan-osasunari buruzko txostenean, Ministerioak argitaratutako prozeduren garapenerako eta bilakaerarako.

Ekintza horien barruan, honako ekintza hauek osatu dira:

- "Laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuek SARS-COV-2 koronabirus berriaren eraginpean egoteagatik jarduteko prozedura" prestatzen parte hartzea.

- ZEUren, Osalanen eta prebentzio-zerbitzuetako osasun-arloen parte-hartzearekin batera, kontaktuak detektatzeko eta horien jarraipena egiteko prozedura garatzea:

  • Orain arte Euskadin bizi dugun birusari eusteko, garrantzitsua da baieztatutako kasu bakoitzeko edo birusaren balizko kasu bakoitzeko kontaktuak deskubritzea eta jarraitzea, zabaldu ez daitezen. Prozedurak ZEUren, Osalanen eta prebentzio-zerbitzuen ekintza koordinatuak ezartzen ditu, kasuak lan-eremuan eduki ahal izan dituen kontaktuen jarraipena egiteko.

- Kontsultei erantzutea: prebentzio-zerbitzuen eta gizarte-eragileen esku telefono eta mezu elektroniko batzuk jarri dira, eta 100 kontsulta inguru erantzun dira.

- 2020ko martxoaren 10ean, bi mezu elektroniko bidali zitzaizkien prebentzio-zerbitzuetako, kooperatibetako eta Lagunaroko osasun-arduradunei. Lehenengoan, lantokian hartu beharreko arreta-neurriak deskribatu genituen, eta, bigarrenean, laneko kontaktuak detektatzeko eta horien jarraipena egiteko prozedurari buruzko informazioa eman genuen.

 

2.- Agenteek (enpresa, langileak, prebentzio-zerbitzuak) enpresan egin beharrekoak eta partaidetza

Langileen ordezkariek, batez ere prebentzioko ordezkariek, laneko osasunaren prebentzioan eta babesean parte hartu behar dute. Horretarako, ekintza hauek gomendatu ditzakegu:

 

1.- Enpresak langileen osasuna babestu behar du laneko arriskuen aurrean. Enpresak kontsulta egin behar du, eta langileek enpresan prebentzioari (LAPL) dagozkion erabakietan parte hartzeko eskubidea eta betebeharra dute.

2.- Enpresak segurtasun- eta osasun-batzordeari jakinarazi behar dio zer egoeratan dagoen lantokia birusari dagokionez, eta zer prebentzio-neurri hartzen ari diren.

3.- Prebentzio-zerbitzuetako osasun-zerbitzuek prebentzio-neurriak proposatzeko betebeharra dute, bai eta osasun-agintariekin lankidetzan aritzeko betebeharra ere, birusaren hedapena geldiarazteko edo moteltzeko proposatzen dituen ekintzetan.

4.- Langileen ordezkariak arduratuko dira prebentzio-neurriak hartzeaz. Neurri horiek hartzeko betebeharra enpresari dagokio, PZaren osasun-arloak lagunduta, langileen parte-hartzearekin. Neurri horiek honela laburbil daitezke:

  • Leku estrategikoetan ikus-informazioa jartzea (kartelak, liburuxkak, etab.).
  • Lantokietan higiene-neurrien ezarpena eta jarraipena ziurtatzea.

- Eskuak maiz garbitzea.

- Eskuak lehortzeko xaboi likidoa eta papera banatzeko gailuak daudela ziurtatzea.

- Zabor-poltsekin estalitako paperontziak daudela ziurtatzea.

- Gainazalak zehatz-mehatz garbitzea. Desinfektatzeko lixiba diluitua erabil daiteke eta, hori ezinezkoa den gainazaletan, % 70 etanola erabil daiteke.

  • Lana lantokitik kanpo egiten denean, edo eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzeko aukerarik ez dagoenean, oinarri alkoholikoko desinfektatzaile bat ematea.
  • Jendeaurreko arreta dagoen guneetan, aurreko gomendioez gain, erabili eta botatzeko paperezko zapiak eta zabor-poltsaz estalitako paperontziak daudela ziurtatzea.
  • Bestalde, arriskua baloratzeko eta prebentzio-neurriak proposatzeko orduan, prebentzio-zerbitzuek Osasun Ministerioak argitaratutako prozedurari jarraituz jokatuko dute: “Laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuek SARS-COV-2 koronabirus berriaren eraginpean egoteagatik jarduteko prozedura”. Bertan gogorarazten da norbera babesteko ekipamenduen (NBE) erabilera prozeduran deskribatutako arrisku-egoeretara mugatzen dela. Gogoratu, halaber, maskara kirurgikoak ez direla NBE gisa hartzen, eta funtzio bat betetzen dutela: arnas infekzioaren sintomak dituenak birusa zabaltzea saihestea. Nolanahi ere, prozedurak identifikatzen du zer egoeratan gomendatu daitekeen erabiltzea, ez baita orokortu behar.

5.- PZk beste betebehar batzuk ere baditu:

- Langileen prestakuntza- eta informazio-lanetan parte hartzea.

- Bereziki sentiberak izan daitezkeen pertsonak ezartzea, laneko arriskuaren eta pertsonaren osasun-egoeraren arabera.

- Langileetako batzuk lan-eremuan egiaztatutako edo gerta daitekeen kasu baten kontaktu estua izan badira, kontaktuak bilatu behar dira eta prozedurak ezartzen duen jarraipena egin behar zaie.

6.- Langileen ordezkaritzak enpresak hartzen dituen neurrietan parte hartu behar du, Ministerioaren prozeduratik gomendatutako neurrietan ere bai:

Lan-arloko gomendioak:

  • Telelana egitea ahal den guztietan.
  • Larrialdietarako lan-jardueraren jarraipen-planak berrikustea eta eguneratzea.
  • Ordutegi-malgutasuna eta txanda mailakatuak planteatzea, langileen kontzentrazioak murrizteko.
  • Bideokonferentzia bidezko bilerak erraztea.