Krisi ekonomikoa eta LAP

Gizarte-eragileak aztertzen ari dira atzeraldiak prebentzio programetan izan ditzakeen ondorioak

Osasun-alarma guztiak pizteaz gain, COVID-19ak eragindako pandemia ondorio ekonomiko larriak  nabarmentzen ari da.  Hainbat erakundetatik azpimarratu da beste konfinamendu bat katastrofikoa izango litzatekeela. Izatez, martxoaren 15etik ekainaren 21era bitartean dekretatutakoak  Euskadin 30.000 lagun utzi zituen langabezian eta 200.000  aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientepean. Gizarte-eragileek artikulu honetan, krisiak laneko arriskuen prebentzioan izan ditzakeen ondoriak aztertu dituzte.

Sindikatuen eta enpresaburuen erakundeak bat datoz LAP, neurri baten edo bestean, eraginduta aterako  dela ustean. Nahiz eta krisi honek 2008koaren jatorri bera ez izan, azken honen ondorioek balio dezakete krisiak esparru guztietan izango dituen eraginak aurretik jakiteko, prebentzioari dagozkionak barne.

Amaia Lopez Iriondoren ustez, Confebaskeko Laneko Osasuna, Ingurunea eta Gizarte Gaietako arduraduna, “hain disruptiboa den krisi honek eragina izan dezake enpresaren bideragarritasunean eta beraz, egon daitezkeen politika eta programa guztietan ere.  Guztion artean lortu behar dugu hori ez gertatzea.  Orain dela gutxi, enpresetako prebentzio adituei entzun nien orain “egoera puroan” ikusten dela    osasunaren  prebentzioak gure gizartean, eta ondorioz enpresetan beti izan duen garrantzia. Zentzu honetan ezin dugu utzi prebentziozko medikuntza kaltetzen, enpresen bideragarritasuna kaltetzea utziko ez dugun modu berean. Krisi honek erakutsi digu gauza biak eskutik doazela”. 

Sergio Achicallenderen ustez, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko prebentzio- teknikaria (Konfekoop), “ekonomiak indarra galtzen duen guztietan, erakundeetako baliabideak ere moteltzen dira gauzak egiteko. Ahuleziaren larritasuna  erakunde bakoitzaren politikaren araberakoa izango da baina kaltea eztabaidaezina da. Erabil daitezkeen baliabideak legez derrigorrezkoak diren gutxiengoa betetzeko izango dira, eta soberakinak harago joateko utziko dira. “Harago joate” hori, atzeraldiaren gogortasunaren araberakoa izango da”.

Alfonso Ríosek, Euskadiko CC.OO.-eko Osasun arduradunak,  adierazi du bere sindikatua “oso adi egongo dela eta gerta daitezkeen murrizketak salatuko dituela, laneko osasunari eta segurtasunari buruzko legeen aplikazioa ez delako inoiz eten eta enpresek horren jakinaren gainean egon behar dutelako”. Halaber nabarmendu du bere sindikatua kezkatuta dagoela “prebentzioko ordezkarien prestakuntzan pilatzen ari den atzerapenagatik”.

Esperanza Moralesen ustez, Euskadiko UGTko Gizarte-Politiketako, Laneko Osasuneko eta Inguruneko idazkaria, “enpresa batek gastuak murriztu edo kendu behar dituenean, laneko arriskuen prebentzioa beharrezkoa ez den zerbait bihurtzen da, bigarren mailako beharrizana.  Eta arazoa da asko kostatzen dela prebentzioaren integrazioan, prozesuetan, e.a.-etan galdutakoa berreskuratzea, eta aurreko mailara bueltatzea”. Salatu du, gainera,  “estrategia-akats izugarria dela baldintza ekonomikoak txarrak direnean LAP alde batera uztea, laneko ezbeharrek sekulako kostuak dakarzkielako enpresei eta gizarteari”.  

CC.OO. eta UGT bat datoz, prebentzioak aurreko krisian jasandako ondorio txarrak oraingo honetan ere errepikatu daitezkeela ohartzean. “Arreta berezia jarriko dugu arrisku psikosozialetan -adierazi dute CC.OO.-etan- eta horiek  izan dezaketen hazkundean, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak iruzur eginez aplikatzeagatik. 2008an hasitako krisiak erakutsi zuen, enpresek eskaera handia izanda ere, ez zituztela berreskuratzen aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientepean zeuden langileak. Hori egin beharrean,  une horretan lanean zeudenen lan erritmoa eta lan karga handiagotzen zuten. Ez dezagun ahaztu arrisku psikosozialek, bereiziki lanaldiaren luzapenari eta lan karga handitzeari dagozkionek, arreta-defizita ekar dezaketela eta ondorioz, lan-istripuak”.   

UGT iritzi berekoa da. “Aurreko krisi ekonomikoak  -azaldu dute- eragin handia izan zuen enplegu baldintzetan eta, neurri handi baten, laneko segurtasunarekin eta osasunarekin harremana zeukaten alderdietan. Pertsona askok lanpostua galdu zuten eta gainera,  lan-baldintzek okerrera egin zuten: lanaldia, bateragarritasuna edo arrisku ergonomiko eta psikosozialen eraginpean egotea, eta prebentzio-neurrien falta salatzeko joera txikiagoa”.