Lanpostua zahartzapenera egokitzea

 

Berrogeita hamarretik gorakoak “aukera ekonomiko eta sozialen iturria izan daitezke, zahartzapenaren kultura sortzeko gai bagara”, nabarmendu du Alberto Alonsok

 

 

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Saileko eta Osalaneko zenbait ordezkarik “Laneko Segurtasun eta Osasunaren Kulturako Foro Zientifiko Teknikoan” parte hartu dute. Foroa joan den azaroaren 21ean eta 22an egin zen, eta, bertan, laneko arriskuen prebentzioko bostehun bat aditu bildu ziren Granadako Zientzien Parkean.

Osalanek ekitaldi horretan parte hartu du, eta, bertan, Lan eta Justiziako sailburuari, María Jesús San Joséri, eman diote Espainiako Laneko Segurtasun eta Osasuneko Profesionalen Kontseiluko Laneko Segurtasun eta Osasuneko Merezimendu Profesionalaren Urrezko Domina. Ekitaldian, gainera, Osalaneko zuzendari nagusiak, Alberto Alonsok, honako ponentzia hau azaldu du: ‘Adineko langileen arriskuen ebaluazioa. Zahartzapen aktiboak LAPen kudeaketan duen eragina’.  

Bere agerraldian, Alberto Alonsok defendatu egin du lanindarraren zahartzapenera egokitu behar direla lanpostuak eta, horrez gain, langileen batez besteko adinaren apurka-apurkako gehikuntzaren gertakari sozialaren ”ikuspegi egokian” oso kontuan hartu beharra dagoela lan-munduan beteranotasuna metatzean sortutako jakintzaren, esperientziaren eta autonomiaren ustiapena, hau da, “talentu seniorra”.

Horretarako, Osalaneko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, honako hauxe da gakoa: “gero eta ugariagoa den talde horren kapital intelektual zein zientifikoari eta giza kapitalari onura ateratzen laguntzeko moduko estrategiak garatzea, gure herrialdearentzako aukera ekonomiko eta sozialen iturria izan daitezkeelako, zahartzapenaren kultura sortzeko eta belaunaldi ugariko lan-ingurune anitzak sustatzeko gai bagara. Izan ere, egiaztatuta dago arlo ekonomiko, intelektual eta emozionalean emankorrak direla. Horrez gain, askotan, adineko langileei laguntzeko hobekuntzak langile guztien baldintzen onerako ere izan daitezke”.

Proiekzioak

Euskadin, EUSTAT - Euskal Estatistika Erakundeko “2026ko Biztanleen Proiekzioen” arabera, ia-ia euskal biztanleen erdiek 50 urte edo gehiago izango dituzte 2026. urte horretan. Aldi berean, 2015-2020ko Zahartzapen Aktiborako Euskal Estrategian adierazten denez, 2029. urtean, 600.000 inguru lagunek 65 urte edukiko dituzte, gutxienez, eta biztanle guztien ia-ia herenak izango dira (%29). Beraz, Euskadiko biztanleak nahikoa zaharrak izango dira, eta, gainera, jarduera ekonomikoko sektore batzuetan, erretiratzeko adinetik hurbil ere badaude langileak.

Datu horiei dagokienez, bere jarduerak zehazteko orduan, Osalanek lanean adina kudeatzeko gaia hartzen du kontuan, eta gai hori laneko osasun eta segurtasunerako plan estrategiko nagusietan ere azaltzen da. Bestetik, lan-arloko arautegiak berak ere behartzen du lanpostua langileen ezaugarrietara egokitzera.

Langileei lan-bizitza jasangarria eskaintzeko eta laneko osasun zein segurtasunaren aukerak hobetzeko asmoz, adinaren prebentziozko kudeaketan honako lau dimentsio hauek kontuan hartu behar direla diote adituek: garapen edo ibilbide profesionala, etengabeko prestakuntza, jakintzaren kudeaketa eta lanpostuaren egokitzapena laneko osasun eta segurtasunaren arabera. Horren ondorioz, laneko arriskuen ebaluazioan faktore horiek hartu behar dira kontuan, lanpostuaren egokitzapenerako neurri bereziak ezarri behar diren ala ez zehazteko. Era berean, laneko osasunerako zerbitzuen zeregina ere bada garrantzitsua langileak hezteko orduan, jarraibide osasungarriak kontuan hartu ditzaten eta euren erantzukizunaren inguruko kontzientzia eduki dezaten.