Prebentzioko Ordezkariak

Laneko Arriskuen Prebentzioa
 
Laneko Arriskuen Prebentzioa
 

Zertan datza Laneko Arriskuen Prebentzioa?

 

Laneko Arriskuen Prebentzioa enpresako edozein jardueratan ematen diren arriskuak aurrez ezagutzeko egiten diren ekintza-multzoa da.

Aurrez jardute honek, lan-istripu bat gertatzea galaraziko duten hainbat prebentzio-neurriren plangintza egitea eta neurri horiek hartzea ahalbidetzen du.

Honako ideia hauetan oinarritzen da LAP delako:

  • Lan-istripu bat ez da saihestezineko gertakari bat: Lan-istripu batek adierazten du lanaren antolaketan edo garapenean akatsen bat egon dela.
  • Zenbat eta zehatzago aztertu egitekoa, errazagoa izango da horri dagozkion arriskuak aurreikustea.

Indarrean dagoen legeria langileek segurtasun- eta osasun-baldintzapeko lan bat izateko duten eskubidean oinarritzen da, eta honek berarekin dakar langileak babesteko enpresaburuak duen betebeharra

Azpimarratu behar da, babes-eskubide horren arabera, langileek (eta/edo beren ordezkariek, prebentzioko ordezkariek), aurrez, enpresaburuen informazioa jaso behar dutela eta segurtasun eta osasunaren inguruko arazo guztien gaineko proposamenak egiteko eskubidea dutela.

 

Laneko Arriskuen Prebentziorako tresnak

 

Laneko arriskuei aurrea hartzeko, arriskuen ebaluazioa da LAPeko teknikari espezialisten oinarrizko tresna.
Arriskuen Ebaluazioa azterketa bat da eta horren bitartez:

  • Lanpostu baten baldintzak aztertzen dira: lekua, makinak, erabilitako produktuak, etab.
  • Langile bat baldintza horietan lan egiteagatik zein arriskuren eraginpean dagoen zehazten da. Baliteke fase honetan erraztasunez ezaba daitezkeen arriskuak izatea; gainerakoak, ebaluatu egin beharko dira.
  • Ondoren, arrisku bakoitzaren garrantzia “neurtzeko” (ebaluatzeko) ahaleginak egiten dira, arriskuaren eraginpean iragandako debora eta sor ditzakeen kalteen litekeen larritasun-maila bezalako irizpideei arreta berezia jarri ohi zaiela. Horrela, lehentasunez zein arriskuri ekin behar zaien jakin daiteke.
  • Azkenik, LAPeko teknikariak lanpostu horri dagozkion arriskuak ezabatu edo murrizteko prebentzio-neurriak proposatuko ditu.

Arriskuen ebaluazioa, berez, ez da helburu bat; espezialista batek enpresaburuari helarazten dion diagnostiko zuhurra izan behar du, enpresaburuak hartu beharreko prebentzio-neurrien inguruan eta baliatu beharreko baliabideen gainean erabakirik egokienak hartzerik izan dezan.

Prebentzioko ordezkariek enpresarentzat lan egiten duten LAPeko teknikariei eta Administrazioko funtzionarioei lagundu ahal diete, enpresako eginkizunak burutzen dituzten bitartean; ondoren, enpresaburuarengandik, dagokion konfidentzialtasunez, LAPeko teknikariek edo funtzionarioek sortutako informazioa eta dokumentazio jasotzeko eskubidea dute.

 

Laneko Arriskuen Prebentzioaren enpresako antolaketa

 

LAParen inguruko legeriak LAP modu ezberdinetara (“prebentzioaren antolaketa-motak” deritzenak) antolatzeko aukera ematen die enpresei.

Arrisku gutxi duten oso enpresa txikietan enpresaburua bera ardura daiteke LAPeko jarduerak gauzatzeaz. Baina hau ez da gertatu ohi dena: ohikoena da jarduerak behar bezalako prestakuntza duten LAPeko teknikari espezialistei egiteko eskatzea.

Teknikari espezialistak enpresako langileak izan daitezke. Kasu horretan, enpresaburuak beharrezko prestakuntza eman behar izan die aurrez eta berorrek izendatuko ditu (“izendatutako langileak”), prebentzio-jarduerez ardura daitezen. Bestela, enpresaburuak Kanpoko Prebentzio Zerbitzu (KPZ) bat kontrata dezake jarduera hauetarako.

KPZak erakunde espezializatu eta pribatuak dira, eta kanpoko prebentzio-zerbitzu gisa jarduteko Lan Sailaren akreditazioa izan behar dute.

[Xehetasun gehiagorako, ikusi 39/1997 EDko III. Kap.].

Langileen informaziorako, kontsultarako eta parte hartzeko eskubidea, funtsean, prebentzioko ordezkarien bitartez gauzatzen da. Hala ere, langile bakoitzari, pertsonalki eta banaka, bere lanpostuko arriskuen, hartutako prebentzio-neurrien eta larrialdiko litezkeen neurrien berri eman behar zaio.

Gogoratu:

Langileen ordezkari bazara, gainerako ordezkariek “prebentzioko ordezkariaren” eginkizunak betetzeko ere aukeratu ahal zaituzte

Enpresan LAP nola antolatuta dagoen ezagutzeko, “LAPeko Plana” deritzon dokumentua kontsultatu beharko duzu, bertan azaltzen baita enpresako prebentzioa nola antolatuta dagoen, hots: arduradunak, eginkizunak, baliabideak, etab.

Arriskuen ebaluazioa eta, horren ondorioz hartu beharreko prebentzio-neurrien plangintza dira LAPeko Plan hori aplikatzeko oinarrizko tresnak.

Hori guztia, behar besteko informazioa duten teknikariek, hala enpresako zein kanpoko prebentzio-zerbitzukoek, egin behar dute, eta zuk, prebentzioko ordezkari gisa, berriz, beren jardueretan laguntzeko eta enpresarentzat sortutako dokumentazioa jasotzeko eskubidea duzu, betiere, behar bezalako konfidentzialtasuna gordez.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko legeria

 

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko legeria