Alberto Alonso, Osalaneko Zuzendaria: "Lan ttukuna lan segurua da"

 

LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOARI BURUZKO IX. GIPUZKOA FOROAN

Osalaneko zuzendari nagusiak, gaur goizean, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko IX. Gipuzkoa Foroan parte hartu du; Adegiren egoitzan egin da, “Segurtasuna enpresa kulturaren osagai” izenburupean. Nerea Zamacola Adegiko Lan Harremanetarako zuzendariarekin, Roberto Castaño Sidenorreko Segurtasuneko koordinatzailearekin eta Javier Guiral Gamesako Safety Managerrarekin partekatu du Alberto Alonsok mahaia, eta nagusiki enpresaria izan den publikoari zuzendu zaio, lan txukuna lan segurua delako ideia defendatzeko.

 

Alonsok esan du, nahiz eta egia den EAEn lan-istripuen intzidentzia-indizeak behera egin duela –alder guztien ahaleginaren bidez– erdira azken 15 edo 16 urteotan, Euskadin, 2016an, ia 30.000 lan-istripu erregistratu direla eta, horietatik, 166 larriak izan direla eta 40k heriotza ekarri dutela.

Hori dela eta esan du “begi-bistan dagoela, asko dagoela oraindik egiteko. Lan-arriskuen prebentzioa dela eta, sekula ez gara pozik egongo”.

Hori horrela, aldarrikatu du “lan txukuna” orokortzeko dagoen beharra, alegia, behar bezala ordaintzen dena, aukera-berdintasuna errespetatzen duena eta gizarteratzeari eta garapen pertsonalari laguntzen diona eta lan segurua dena.

Horretarako, Osalaneko zuzendariak esan du ez dela nahikoa paperak betetzea, ez dela nahikoa azpikontratatutako enpresaren esku uztea lan-zerrendako plantillaren lan-segurtasunaz eta kudeaketaz arduratzea, beste alde batera begiratzea paperak eta formularioak beteta.

“Ahalegina egin behar dugu egunero arriskuak ebaluatzeko, jakiteko zer arriskuri egin behar diogun aurre, teknika egokiak hartzeko, langileari informazio eta prestakuntza egokia emateko, sistemari defentsak emateko, ikuskatzeko eta monitorizatzeko, zereginak ingurunera eta bakoitzaren ahalmen psikofisikoetara egokitzeko.

Ideia hori argitzeko, datu adierazgarri bat eman du: lan-jardunaldiko istripuak aztertuz lanpostuko antzinatasunaren arabera, argi ikusten da lehen hilabetea kritikoa dela. Orduan izaten da istripu-kopuru handiena. Esaterako, 2016an, laneko lehen hilabetean, 2.060 istripu izan ziren; bigarrenean, 994; eta igarotzen zen hilabete bakoitzean jaitsi egiten zen istripu-kopurua, harik eta 314ra iritsi arte, urtebete zeramatenean lanean.

“Badakigu logikoa dela lan berri batean trebetasun gutxiago izatea eta norberaren lanpostuko arriskuak eta prebenitzeko moduak gutxiago ezagutzea eta, hori dela eta, arrazoizkoa izango litzateke lanpostu berrirako harrera egitea eta, bertan, norberaren lanpostura gehien egokitzen diren prebentzio-neurriak azaltzea. Hala ere, eman berri ditudan datuek agerian uzten dute lanpostuan hasten den pertsona bete-betean hasten dela lanean, eta, sarritan, gutxieneko prestakuntzarekin”, esan du.

Azkenik, Alberto Alonsok negoziazio kolektiboa aldarrikatu du, patronalaren eta sindikatuen arteko elkarreraginaren bidez, segurtasuneko eta osasuneko akordioak hartu ahal izateko mekanismo gisa; konpromiso horiek nahitaez bete beharreko arau bilakatu ohi dira. “Eta negoziazio kolektiboa lur honetan egiteke dagoen gaia da”, esan du, atsekabez.

2017ko ekainaren 22an Osalan-ek egindako prentsa-oharra (pdf, 427 KB)