"Prebentzioaren alde egin dezagun, gure inbertsiorik seguruena da" sentsibilizazio kanpainaren aurkezpena

M Jess San Jos Lan eta Justiziako sailburuak, Christa Sedlatschek Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziako zuzendariarekin eta Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusiarekin batera, Osalanek laneko arriskuen prebentziorako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Astearen baitan abiarazitako sentsibilizazio-kanpaina berria aurkeztu du.

Aurkezpen-ekitaldian, Agentziako zuzendariak adierazi du Laneko Osasun eta Segurtasunerako Europako Astearen helburua dela lan-bizitza osoan zehar lan-baldintza seguru eta osasungarriak sustatzearen garrantzia eta beharra nabarmentzea, hori ona baita langileentzat, enpresentzat eta, orokorrean, gizarte osoarentzat.

Bere aldetik, sailburuak azpimarratu du Osalanek Laneko Arriskuen Prebentziorako sentsibilizazio-kanpaina berria abiarazi duela ekimen horren harira, eta horren asmoa dela, ekonomia iraunkorrean oinarritutako gizarte oparoagoa lortzea xede, lana kalitatezko lanpostuetan garatzea ezinbestekoa den ideia gizartean sakon sartzea.

Ildo horretatik, funtsean eragile guztiek elkarlanean aritzea da, laneko segurtasun eta osasunaren alorrean aurrera egiten jarraitzeko, sozialki arduratsuak izango diren eta giza baliabideen kudeaketa aurreratua egingo duten enpresetan. 

“Horretarako, oraingoan enpresaburuak proaktiboak izateko eta prebentzioa beren eguneroko kudeaketan berezko zati bilakatzeko ideia nabarmendu nahi dugu”, adierazi du sailburuak.

Kanpainan azaleratu nahi diren gogoetak honako hauek dira:

  1. Prebentzioa ez da gastua, inbertsioa baizik.
  2. Prebentzio EZA enpresaren bideragarritasuna arriskuan jar dezakeen gastua izan daiteke.
  3. Prebentzioa eraginkortasun-faktorea da enpresan.
  4. Eguneroko kudeaketa-prozesuetan prebentzioa txertatzea ezinbesteko elementua izan behar da.
  5. Laneko Segurtasuna eta Osasuna ezin da derrigorrezko izapidetzat hartu, ezinbesteko kalitate-elementutzat baizik.
  6. Osalan da bide horretan aurrera egiteko aholkuak eman eta lagun dezakeen erakundea.

“Azken batean –amaitu du sailburuak−, LAP enpresen ohiko eta erraz identifikatzeko beste balio batzuekin lotzen saiatu gara, hala nola, berrikuntzarekin, lehiakortasunarekin edo bideragarritasunarekin, eta honako eslogan honetan laburtu dugu:

 PREBENTZIOAREN ALDE EGIN DEZAGUN, GURE INBERTSIORIK SEGURUENA”

Webgune, sare sozial eta komunikabideetan zabalduko diren kanpainaren bideoa eta irratiko iragarkiak honako esteka honetan daude eskuragarri.