Zein dira nire eginkizunak?

Laneko Arriskuen Prebentzioko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 31. artikuluak ezartzen duenaren arabera:

1. Langileek jasaten dituzten arriskuen edo egiten dituzten lanen arriskugarritasunaren prebentzio-jarduerak egiteko langile bat edo batzuk izendatzea nahikoa ez bada, enpresaren tamainari begira, enpresaburuak prebentzio-zerbitzu propio edo enpresaz kanpoko batera edo batzuetara jo beharko du, Legearen 6. Artikuluko 1. Ataleko e) letrak jasotzen dituen xedapenetan ezartzen den irismenarekin, eta prebentzio-zerbitzu horiek beharrezkoa denean lankidetzan arituko dira.

Zerbitzu horiek herri-administrazioetan ezartzeko beren antolakuntza-egitura eta, kasua bada, eremu sektorial eta deszentralizatuen existentzia hartuko dira kontuan.

2. Prebentzio-zerbitzua langileen segurtasun eta osasunaren babes egokia bermatzeko prebentzio-jarduerak egiteko behar diren giza baliabideen eta baliabide materialen multzoa dela ulertuko da, eta horretarako enpresaburuari, langileei eta horien ordezkariei eta ordezkaritza organo espezializatuei aholkua eman eta lagunduko die. Bere eginkizunak betetzeko, enpresaburuak aurreko artikuluko 3. atalean aipatzen den informazioa eta dokumentazioa erakutsi beharko dio zerbitzu horri.

3. Prebentzio-zerbitzuek enpresari behar duen aholkua eta laguntza emateko moduan egon beharko dute, enpresan dauden arrisku-moten arabera eta:

  • a)  Enpresan prebentzioa txertatzen lagunduko duen laneko arriskuen prebentzioko plan bat diseinatu, ezarri eta aplikatzeaz.
  • b)  Legearen 16. artikuluan jasotako moduan langileen segurtasun eta osasunari eragin diezaieketen arrisku-faktoreen ebaluazioaz.
  • c)  Prebentzio-jardueraren plangintzaz eta prebentzio-neurriak hartzeko eta horien eraginkortasuna zaintzeko lehentasunak erabakitzeaz.
  • d)  Langileen informazioaz eta prestakuntzaz, Legearen 18 eta 19. Artikuluetan jasotako moduan.
  • e)  Lehen laguntzak emateaz eta larrialdi planez.
  • f)  Lanetik eratortzen diren arriskuak kontuan hartuta langileen osasunaren zaintzaz.

Prebentzio-zerbitzuetako osasun-zerbitzuen (PZOZ) jarduerak

Enpresak behartuta daude beren langile guztiei osasunaren zaintza eskaintzera. Zaintza PZOZak egin behar du, eta OSALANeko Laneko Osasunaren Unitatearen (LOU) baimena izan behar du, OSALAN sortzeko abenduaren 21eko 7/1993 Legean eta OSALANen egitura eta jarduera arautegia onartzen duen uztailaren 30eko 191/2002 Dekretuan ezartzen denaren arabera PZOZetarako osasun-agintaritza baita. Baimen horiek Aurrezaintzako zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen dituzten jarduera sanitarioak arautzen dituen uztailaren 27ko 306/1999 Dekretuaren irizpideak bete ondoren eta Prebentzio-zerbitzuen osasun-jarduera garatzeko baliabideen antolaketari buruko oinarrizko irizpideak onartzen dituen ekainaren 17ko 843/2011. ED kontuan hartuta ematen dira. Lan-agintaritzak prebentzio-zerbitzu bat egiaztatzeak aurretiaz osasun-agintaritzaren baimena eskatzen du, Laneko Arriskuen Prebentzioko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen (LAPL) 31.5 artikuluaren arabera. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) edozein osasun-jarduera aurretiaz baimendu behar da, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legearen 29. artikuluaren arabera..

Prebentzio-zerbitzuak bere lana hasteko baimena, eta berritzeko edo egitura, instalazioak, pertsonala edo funtzionamendua aldatu delako baimen guztiak LOUk ematen ditu. Baimen horrek Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzko 21eko 31/2006 Dekretuak , arautzen duen osasun-etxeen manuzko baimena hartzen du bere barruan, bere web orrialdeak informatzen duenez.

Baimen guztiak eskatzeko aurkeztu behar diren dokumentuak OSALANen web orrialdean daude eskura.

PZOZak egiten duen osasunaren zaintzak Laneko Arriskuen Prebentzioko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen (LALP) 22, 25 eta 27. artikuluetan azaltzen diren ezaugarriak bete behar ditu..

  1. Borondatezkoa langilearentzat: 22. artikuluak borondatezkotasun horren salbuespenak ezartzen ditu. Salbuespen hori prebentzio-delegatuei arrazoitu eta informatu behar zaie.
  2. Berariazkoa: langileek jasaten dituzten arriskuekin zerikusia duten osasunerako ondorioak dira prebentzioaren xede izan behar dutenak. Beraz zaintza egiteko modu bat dakar horrek:

    - 843/2011 EDaren 3.3 artikuluan oinarritua: osasun-jarduera bakoitzarekin zein arrisku konkretugatik egiten den aipatu behar da.

    - berariazkotasun horrek diziplinarteko lanak egitera behartzen du. PZOZak xehetasunez ezagutu (eta langilearen laneko historia klinikoan idatzi) behar ditu postua eta lanak, eta langileak jasaten dituen arriskuak. Horrela, arriskuen ebaluazioan, prebentzioaren plangintzan, lan-istripu eta gaixotasun profesionalen ikerketan eta abar hartu behar du parte.

  3. Osasuna helburu bakarra duela: ez du bereizkeria-helbururik izan behar.
  4. Bereziki sentikorrak diren langileentzako babes eta prebentzio berezi bat bilatu behar du; haurdun dauden langileentzat eta umekiarentzat, eta langile adingabeentzat.

Prebentzio-zerbitzuak beste eginbehar batzuk ditu, besteak beste Osasun Sistema Nazionalarekin lankidetza-jarduerak, 306/1999 Dekretuan eta 843/2911 EDan jasotzen direnak. Lankidetza horrek lanarekin zerikusia duten gaixotasunen diagnostikoa, tratamendua eta bizkortzea, osasuna sustatzeko programetan parte hartzea, mendekotasunen prebentzioa edo osasun alertetan parte hartzea har litzake bere barruan. [Esteka mendekotasunen gidara].

Osasunaren zaintza Prebentzio Zerbitzuen Arautegia (PZA) onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 EDaren 37.2 artikuluan.konkretatzen da. Bertan konkretatzen dira LAPLean azaltzen diren ezaugarriak betetzeko jarduerak. Berariazkotasunera itzuli beharraz gain beste jarduera batzuk xedatzen ditu:

  1. Osasun-azterketak noiz egin ezartzen du.
  2. Osasunaren zaintzak planifikatuta egon behar du. Plangintza, gainera, prebentzio-zerbitzu propioak ezin subkontrata dezakeen edo enpresaz kanpoko prebentzio-zerbitzuekin lankidetzan ezin kontrata daitezkeen jardueretako bata da, 843/2011 EDaren 8.c eta 9.2 artikuluen arabera.
  3. Langile bakoitzarentzat laneko historia kliniko indibidual batean oinarritu behar da. Historian, identifikazio- eta osasun-datuez gain, lanpostuaren deskripzio xehe bat langileak jasaten dituen arriskuei buruzko datuak agertu behar dira. Historia horrek langileari jarraitu behar dio bere lan-bizialdi osoan.
  4. Osasunaren zaintzak zaintza kolektibo edo epidemiologikoa hartzen du bere baitan. Horrek biztanleriaren jarraipena egitea, adierazleak ezartzea eta informazioa trukatzea dakar. Urteko jardueren oroitidazkian oinarritutako azterketa epidemiologikoa lehen urratsa da helburu nagusi biak betetzeko: osasunean espero ez diren ondorioak aurkitzea eta prebentzio-jarduera ebaluatzea. [Esteka gidara]
  5. Zaintza epidemiologikoak informazioa taldekatu, aztertu eta prebentzioaren eragileei itzuliko dien informazio-sistemetan parte hartzera bultzatzen eta behartzen du. Garrantzitsuenak, besteak beste, laneko segurtasun eta osasunari buruzko datuen informazio-sistema eratzen duen Gutxieneko Datu Multzoa, eta gaixotasun profesionalaren susmoa komunikatzeko sistema.

Prebentzio-zerbitzuak bere gain hartu behar ditu lehen laguntzako ekintzak, lekuan badago, edo beharrezko antolaketa, prozedura eta prestakuntza ezarri behar ditu zerbitzuko pertsonalik ez badago lantokian. Osasun-pertsonala beste gai garrantzitsuetako bat da prebentzio-zerbitzurako. Beharrezkoa da «…trebetasun teknikoa, prestakuntza eta gaitasun egiaztatua» izatea. Hala dio Laneko Arriskuen Prebentzioko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen (LAPL) 22.6 artikuluak.Egiaztatutako gaitasun hori LAPL konkretatzen duten arauetan zehatzago agertzen da: PZA, 306/1999 Dekretua, 843/2011 ED. Horietan guztietan ezartzen da Laneko Medikuntzan espezialista diren sendagileak edo Enpresa Medikuaren diploma duten fakultatiboak eta Enpresako Erizaintzan diplomatutako erizainak eduki behar dituela. Beste osasun-profesional batzuk ere parte hartu aha izango dute beren espezialitate edo diziplinaren eta zaindu beharreko arriskuen arabera. Bai 306/1999 Dekretuak (I eta II. eranskinak, 1c)) bai 843/2011 EDak (4.4 artikulua) elkarrezintasun sorta bat ezartzen dute osasun-pertsonalarentzat. Beste zerbitzu publiko edo pribatuetako lanarekin aldi berean egiteko ordutegi-elkarrezintasuna. Aldi baterako ezintasunaren prestazio ekonomikoa kontrolatzeko pertsonal fakultatiboaren lanak egiten jarduteko eta laneko arriskuen prebentzioko administrazio-lanak daramatzaten erakunde publikoetan lan egiteko elkarrezintasun funtzionala. Arau horiek beren eranskinetan jasotzen dute babestutako langile kopuruari estaldura emateko behar den osasun-pertsonalaren ratioa. Ratio horrek, langile kopuruaz gain, beste aldagai batzuk hartzen ditu kontuan, hala nola enpresa-kopurua edo enpresen jarduera.

Osasun-pertsonala OSALANeko Laneko Osasunaren Unitateak baimendu behar du bere jarduerak hasi aurretik eta isilpea gorde beharra dauka.