Lehen sektorea

EAEn lehen sektorea da nekazaritzako elikagaien euskal industriaren iturria eta jatorria, edo lehen sektorearen zati handi bat; izan ere, nekazaritzarako lursail gutxi daukagu eta biztanle-kopuru handia, eta, hortaz ezin dio erantzun kontsumitzen dugun guztiari. Baina lehen sektorea ez dugu ikuspegi ekonomikotik soilik baloratu behar, kontuan izan behar baitugu paisaia paregabe baten kudeatzailea ere badela, euskal herritarrok izugarri balioesten dugun imajinarioa; horrez gain, kalitate handiko produktuak ekoizten ditu, erreferentzia-balio handikoak hainbat alorretako merkatutan, bai gure autonomia-erkidegoan eta bai estatuko gainerako autonomia-erkidegoetan.

Euskadiko lehen sektorea osatzen duten adarren edo azpisektoreen analisia egin behar da, sakon aztertzeko haien ezaugarriak eta haiek kudeatzeko, ezartzeko eta finkatzeko baliatzen diren antolaketa- eta gizarte-egiturak, bai eta aztertzeko ere haietan dauden problematikak eta esku hartzen duten faktoreak, eta istripu-tasa eta istripuak eragiten dituzten kausak. Izan ere, hala, hobeto ezagutuko dugu sektorea bera, eta hobeto bideratuko ditugu laneko arriskuen prebentzioaren alorreko ekintza eta politika eraginkorrak.

Lehen sektorea osatzen duten adarrek ekoizten dutena aztertuta, hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko datuak: nekazaritzak guztizko balioaren %46,1 egin du, abeltzaintzak %40,9 eta basogintza-jarduerak %11,3.

Istripu-tasa eta arriskuak

Euskadiko lehen sektoreko istripu-tasa da Osalanen kezka nagusietako bat, eta, hortaz, lehentasunetako bat jarduera-ildoen artean; hori hala dela argi adierazita dago 2015-2020 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategian eta lehentasun horietan bat egiten dute, halaber, Eusko Jaurlaritzak eta gainerako administrazioek.

Osalanek EAEko istripu-tasari buruz emandako datuek, bai eta estatuko datuek ere, adierazten dute ezbehar-tasaren eragina larria eta hilgarria dela, eta, beraz, lehen sektoreko langileak arriskupean daudela. Osalanek urtero egiten dituen txostenetan jasotakoaren arabera, hauek dira lehen sektoreko istripu-tasaren ezaugarriak:

  • Lanaldiko istripuen intzidentzia-tasa handia da; hain zuzen, 72,37 lan-istripu mila langileko (2015eko datua, behin betikoa).
  • 2015ean, lehen sektorea (nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, arrantza) izan zen lan-istripu hilgarrietan intzidentzia-tasarik handiena eduki zuena, zerbitzuen sektoreak baino ia 16,5 handiagoa, industriak baino 6,6 aldiz handiagoa, eta eraikuntzak baino 2,75 aldiz handiagoa, alegia.
  • 2011-2015 aldian, arrantzaren eta akuikulturaren azpisektorean baja eragindako lanaldiko istripuen intzidentzia-tasa handiagoa da eraikuntzan baino (ia 10 puntu) eta gainerako sektoreetan baino. Istripu hilgarrien intzidentzia-tasa ere gainerako sektoreetan baino handiagoa da 2013. urteaz geroztik.

Lehen sektorea, oro har, kolektibo zabala, hedatua eta oso anitza da. Lehen sektoreko jarduerak arrisku anitz ditu, besteak beste, makineria-kopuru handia erabiltzen delako, hala nola nekazaritza eta basozaintzako lanetarako zein arrantzako lanetarako, eta substantzia arriskutsuen eraginpean lan egiten delako; horien adibide dira nekazaritzan erabiltzen diren fitosanitarioak. Sektorean gertatzen diren istripuen kausa nagusiak, Osalani jakinarazitako istripuen arabera, zenbait elementuk eragindakoak dira, hala nola makineriak, eta laneko egiturek eta inguruneek (lursailak nekazaritzan eta basogintzan; itsasontziak eta portuak arrantzan), eta abeltzaintzaren kasuan, berriz, bizirik dauden animaliekin lan egiteak.

EAEko lehen sektorearen ezaugarriak

EAEko nekazaritza eta basozaintzaren sektorearen ezaugarriak hauek dira:

  • Enpresak atomizatuta daude: Sektoreko enpresa eta ustiategi gehienak familia-enpresak dira, txikiak, eta sakabanatuta daude. Haien titular nagusia norberaren konturako erregimenekoa da.
  • Herritarrak arriskupean daude:  Enpresaren titularraz gain, haren zuzeneko senideak, erretiratuta daudenak eta lanaldi partziala duten nekazariak ere lan-arriskuen eraginpean daude. Ustiategi gutxitan izaten dituzte soldatako langileak, baina nekazaritzako erroldaren arabera, ustiategi askotan izaten dituzte, uneren batean, soldatako langile finkoak eta aldi baterakoak.
  • Adin-piramidea:  Ustiategiaren buru egiten duen pertsonak, Euskadin, batez beste, 58 urte ditu; Araban, batez besteko adina 54 urte dira, Bizkaian 60 urte eta Gipuzkoan, berriz, 59 urte. Ustiategien %33ren kasuan ustiategiaren buru egiten duen pertsonak 65 urte baino gehiago ditu, eta buru egiten duten pertsonen %0,6 baino ez da 25 urte baino gazteagoa; horrek esan nahi du osasunerako kaltegarriak diren arrisku gehiago dituztela eta lanean prebentziorako neurriak ezartzea zailagoa dela.
  • Egiteko ugari:  Langileak lan desberdin asko egiten ditu, askotan bakarrik, eta zenbaitetan gogorrak eta neketsuak, eta horrek sektoreko ezbehar-tasari eragiten dio, bai eta langileen bizi-kalitateari eta lan-baldintzei ere.
  • Aldibaterakotasuna: Sektoreak berez dituen laneko segurtasun eta osasunaren alorreko problematika espezifikoez gain, sektoreko lan asko aldi baterakoak izateak eta langile immigranteak aritzeak bizi-baldintzako beste oinarrizko arazo batzuk eta ingurunearekiko harremanen alorreko beste batzuk gehitzea eragin dute.
  • Lan-arriskuen alorrean prestakuntza gutxi dute langileek:  Basoko, nekazaritzako eta abeltzaintzako zerbitzuen sektorean inertzia handia hauteman da zenbait lan-mota modu tradizionalean egiteko.
  • Inguruneak ezaugarri bereziak ditu: Lehen sektorean normala den bezala eta bereziki EAEn, jarduerak egiten diren lekuek eta ustiategiak egoten diren inguruneek ezaugarri bereziak dituzte; esate baterako, orografia bera berezia da, baldintza meteorologikoak ere bai (euri asko egiten duelako) eta klimatologia aldakorra da, eta ezaugarri horiek guztiak kontuan hartu behar dira prebentzioa aplikatzean.

Arrantza sektoreak sektoreak EAEko lehen sektorearen zati handi bat hartzen du, eta arrantza-jardueraren berezko ezaugarriak ditu. Haien artean, nabarmentzekoak dira, logikoa denez, arrantza-lanak egiten diren lan-lekuak eta azpiegiturak, hau da, arrantza-ontziak, eta haiekin erabateko lotura duten arrantza-portuak, baliatzen direnak, besteak beste eta batez ere, mantentze-lanak egiteko, hornitzeko, karga eta deskargarako, paketatzeko, biltegiratzeko, arraina saltzeko eta lan administratiboak eta kudeaketak egiteko.