Genero

Laneko segurtasun eta osasunari genero-ikuspegia aplikatu beharra laneko arriskuek eta horiek eragiten dituzten patologiek gizonei eta emakumeei berdin ez dietela eragiten gero eta begi-bistakoagoa delako da.

Lehen analisi batean, horren kausak hainbat izan daitezke:

  • Sexu bien biologia ezberdina, bereziki kontuan hartuta haurdunaldia eta edoskialdia.
  • Lan-merkatuaren bereizketa horizontala lanaren sexu-banaketaren ondorioz; horrek emakumeak eta gizonak sektore eta jarduera desberdinetan kontzentratzera eramaten ditu.
  • Lanaren bereizketa bertikala, hau da, lan-baldintza ezberdinak gizonentzat eta emakumeentzat.
  • Lanaren prekarietatea. Emakume kopuru handiagoa kontzentratzen da lan prekarioetan, lanaldi partzialekoetan eta soldata txikiagokoetan gizonak baino.
  • Lanaren sexu-banaketak eta tradizioz ekoizpen-eremua (enplegua) eta ugalketa-eremua (etxeko lana eta zaintza) sexuaren arabera banatu izanak, gizonak eta emakumeak, emakumeak etxeko lanen eta zaintzaren lan-karga handiagoa hartzera daramatza, eta horrek beren lan-bizitza eta beren osasunerako ondorioak baldintzatzen ditu.

Gizon-emakumeak, beraz, gizartean baldintza eta egoera sozial eta ekonomiko diferentzialetan kokatzen dira lan-merkatuan, eta horrek esan nahi du arrisku desberdinen mendean daudela eta osasun-arazo desberdinak garatzen dituztela.

Errealitate honez gain, laneko osasunean generoaren dimentsioa gutxiegi aztertu dela nabarmendu behar da, eta hori arrazoi hauengatik:

  • Laneko segurtasun eta osasunari buruzko azterketek okupazioa hartu ohi dute gizonek eta emakumeek egiten duten lan-motaren adierazle gisa, eta jakintzat ematen dute, oker, lan-baldintzak estu-estu lotuago daudela estatus okupazionalarekin generoarekin berarekin baino.
  • Tradizioz emakumeen laneko osasun-arazoak gutxietsi egin izan dira, modu espezifikoan amatasunaren babesari soilik arreta emanaz. Emakumeen laneko osasunari buruzko ikerketa ia guztia ugalketa ahalmenera mugatu da, lan-baldintzek beste zertzelada batzuetan izan dezaketen eragina ahazturik utzita.
  • Azterketa toxikologikoek gehienbat gizonez osaturiko langile-populazioa izan dute ardatz tradizioz, eta batez ere gizonen lanbideetan, eta emaitzak estrapolatzetik arazoak datoz.
  • "Ustez genero-ikuspegi neutroa duen” lege-esparruak, laneko osasunari langile abstraktu batetik abiatuta heltzen dionak ?eta horren erreferentzia inplizitua gizonaren lanaren normaltasuna izaki?, ez du laguntzen emakumeen laneko arriskuen prebentzioak dituen arazoak identifikatzen eta konpontzen.

Osalanen helburuetako bat lan-baldintzen eta osasunaren arloan emakumeen eta gizonen errealitatea begien aurrean modu diferentzialean jartzea da. Horrek dibulgazio lana eskatzen du laneko arriskuen prebentzioan inplikatuta dauden agente guztientzako prestakuntzazko eta informaziozko edukiak eskaintzeko ekitaldiak eginaz.

Errealitate hori erretratatzeko, gainera, datuen tratamendu estatistikoan genero-ikuspegia sartu behar da eta lan-merkatuaren errealitate egituratu gabeak genero-ikuspegitik hobeto ezagutzeko aukera emango diguten adierazleak sartu behar dira, bai eta sexu aldagaiak beste aldagai batzuekin (adina, egoera profesionala eta abar) duen intzidentzia ere aztertu, elkartze horiek diskriminazio anizkoitzeko egoerak sortzen baitituzte sarritan.

Bigarren helburu bat genero-ikuspegia enpresen eta antolakundeen prebentzioaren kudeaketan integratzea bultzatzea da, horrela prebentzio-lana gizonengana eta emakumeengana berdin helduko dela bermatzeko (prestakuntza eta informazioa, araudiak, langileek prebentzio-egitura eta -erabakietan parte hartzea, kalteen ikerketa…). Ezinbestekoa da emakumeek zein arriskurekiko esposizioa duten identifikatu eta ebaluatzea eta arrisku horiek gutxitzeko berariazko programak ezartzea.

Beste lan-lerro bat emakume langile gehiago dagoen eremu eta okupazioetan ekintzak egitea da, laneko segurtasun eta osasunaren arazoak modu espezifikoan harturik. Osalanen jarduera, laneko arriskuen prebentzioan genero-ikuspegia txertatzeari dagokionez, berdintasun-plan batean egituratuko da, eta horren urteroko lana Erakundearen kudeaketa-planean txertatzea izango da.

Osalanen berdintasun-planak barruko diagnostiko sektorial bat du abiapuntu eta 2015-2020 Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiarekin eta EAEko Emakumeen eta Gizonen VII Berdintasun-Planarekin lerrokatuko da; bertan jasoko dira Erakundeak bere helburuak lortzeko legealdian egingo dituen ekintzak.

Genero-ikuspegi buruzko informazio gehiago