Genero

Laneko segurtasun eta osasunari genero-ikuspegia aplikatzeko beharra laneko arriskuek eta horiek eragiten dituzten patologiek gizonei eta emakumeei berdin ez dietela eragiten gero eta begi-bistakoagoa delako da.

Lehen analisi batean, horren kausak hainbat izan daitezke:

  • Sexu bien biologia ezberdina.
  • Lan-merkatuaren bereizketa horizontala, horrek emakumeak eta gizonak sektore eta jarduera desberdinetan kontzentratzera eramaten ditu.
  • Lanaren bereizketa bertikala, hau da, lan-baldintza ezberdinak gizonentzat eta emakumeentzat.
  • Lanaren prekarietatea. Emakume kopuru handiagoa kontzentratzen da lan prekarioetan, lanaldi partzialekoetan eta soldata txikiagokoetan.
  • Lanaren sexu-banaketak eta tradizioz ekoizpen-eremua (enplegua) eta ugalketa-eremua (etxeko lana eta zaintza) sexuaren arabera banatu izanak, emakumeak etxeko lanen eta zaintzaren lan-karga handiagoa hartzera daramatza, eta horrek beren lan-bizitza eta beren osasunerako ondorioak baldintzatzen ditu

Gizonak eta emakumeak, beraz, gizartean baldintza eta egoera sozial eta ekonomiko ezberdinetan kokatzen dira lan-merkatuan, eta horrek esan nahi du arrisku desberdinen mendean daudela eta osasun-arazo desberdinak garatzen dituztela.

Errealitate honez gain, laneko osasunean generoaren dimentsioa gutxiegi aztertu dela nabarmendu behar da, eta hori arrazoi hauengatik:

 

  • Laneko segurtasun eta osasunari buruzko azterketek okupazioa hartu ohi dute lan-motaren adierazle gisa, eta jakintzat ematen dute, oker, lan-baldintzak estu-estu lotuago daudela estatus okupazionalarekin generoarekin berarekin baino.
  • Tradizioz emakumeen laneko osasun-arazoak gutxietsi egin izan dira, modu espezifikoan amatasunaren babesari soilik arreta emanaz.
  • Azterketa toxikologikoek gehienbat gizonez osaturiko langile-populazioa izan dute ardatz tradizioz, eta batez ere gizonen lanbideetan, eta emaitzak estrapolatzetik arazoak datoz.
  • "Ustez genero-ikuspegi neutroa duen” lege-esparruak, laneko osasunari langile abstraktu batetik abiatuta heltzen dionak ? eta horren erreferentzia inplizitua gizonaren lanaren normaltasuna izaki?, ez du laguntzen emakumeen laneko arriskuen prebentzioak dituen arazoak identifikatzen eta konpontzen.

 

Osalaneko emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikaren helburuak honako hauek dira:

  • Genero-ikuspegia kontuan hartzen duen laneko arriskuen prebentziorako kultura sortzea.
     
  • Lan-baldintzen eta osasunaren arloan emakumeen eta gizonen errealitatea begien aurrean modu diferentzialean jartzea. Horrek dibulgazio lana eskatzen du laneko arriskuen prebentzioan inplikatuta dauden agente guztientzat.

    Errealitate hori islatzeko, gainera, datuen tratamendu estatistikoan genero-ikuspegia sartu behar da eta lan-merkatuaren errealitate egituratu gabeak genero-ikuspegitik hobeto ezagutzeko aukera emango diguten adierazleak sartu behar dira, bai eta sexu aldagaiak beste aldagai batzuekin (adina, egoera profesionala eta abar) duen intzidentzia ere aztertu, elkartze horiek diskriminazio anizkoitzeko egoerak sortzen baitituzte sarritan.
  • Genero-ikuspegia enpresen eta antolakundeen prebentzioaren kudeaketan integratzea bultzatzea, horrela prebentzio-lana gizonengana eta emakumeengana berdin helduko dela bermatzeko. Ezinbestekoa da emakumeek zein arriskurekiko esposizioa duten identifikatzea eta ebaluatzea eta arrisku horiek gutxitzeko berariazko programak ezartzea.

Beste lan-lerro bat emakume langile gehiago dagoen eremu eta okupazioetan ekintzak egitea da, laneko segurtasun eta osasunaren arazoak modu espezifikoan harturik.

Osalanen jarduera, laneko arriskuen prebentzioan genero-ikuspegia txertatzeari dagokionez, berdintasun-plan batean egituratzen da.

Segurtasunean eta lan-osasunean berdintasunaren aldeko lana Zuzendaritzaren eta Osalaneko langile guztien arteko lan partekatua da. Lan hori bultzatzeko, Osalanek Berdintasun Teknikari bat eta lan zehatzeko lantalde bat dauzka. Haien funtzioa da erakundeko helburu eta ekimen guztietan genero-ikuspuntua txertatzeko aholkularitza ematea eta sustatzea.

1. Berdintasunerako Plana

Osalanen berdintasun-planak barruko diagnostiko sektorial bat du abiapuntu eta 2015-2020 Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiarekin eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planarekin (leiho berri batean irekitzen da) eta Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako emakumeen eta gizonen berdintasunerako lehenengo planarekin bat egiten du; bertan jasoko dira Erakundeak bere helburuak lortzeko legealdian egingo dituen ekintzak.


2. Berdintasunerako unitate administratiboa

2016. urtetik, Osalanek Berdintasun Teknikari bat dauka. Figura hau dekretu (leiho berri batean irekitzen da) bidez araututa dago, eta bere funtzioen artean Osalaneko planean dauden ekimenak diseinatzea, bultzatzea eta jarraipena egitea daude, baita Osalaneko langileak aholkatzea genero ikuspegia ere txertatzeko.

Halaber, gainontzeko Eusko Jaurlaritzaren sailetako eta erakunde autonomoetako berdintasunaren unitateekin koordinatzen da Emakundek- Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatu eta lideratuta dituen koordinazio egituretan.


3. Genero-taldea

Osalanek 2010. urtean genero lantalde bat sortu zuen. Bere helbura da analisiak, gomendioak, estrategiak eta materialak sortzea lan-arriskuen prebentzioaren kudeaketan genero-ikuspuntua sartzeko laguntza ematea.

Plangintza Zuzendariordetzak gidatzen du taldea eta erakundeko langileekin osatuta dago, bai arlo teknikoko eta lan-osasuneko arloko langileekin, baita Berdintasun Teknikariarekin ere bai.

Osalanek Emakunde- Emakumearen Euskal Erakundearekin lankidetzarako hitzarmen bat sinatu zuen. Hitzarmenak hurrengo jardun-arlo hauexek jasotzen ditu:

  1. Segurtasunari eta lan-osasunari genero ikuspuntutik dagozkien informazioa, adierazleak eta datuak, eta arlo honetan eragina duten faktoreei dagozkienak partekatzea.
  2. Genero eta lan-osasunari buruzko materialak eta prestakuntzarako ekintzak diseinatzea eta garatzea.
  3. Komunikazio ekintzak garatzea: dibulgazio-ekitaldiak antolatzea, informaziorako materialak egitea eta genero ikuspuntutik segurtasun eta lan-osasunarekin zerikusia daukaten ekimenei buruzko elkarrekiko zabalkuntza egitea.

2012tik Osalanek antolatutako edo beste erakundeekin elkarlanean antolatutako jardunaldien estekak batuta daude, laneko segurtasunean eta osasunean genero-ikuspuntua txertatzearen edo bereziki emakumeak kaltetzen dituzten berariazko galderen inguruan erantzuna emateko.

Berariazko jardunaldi horiez gain, Osalanek hainbat jardunalditan eta biltzarretan egin ditu genero-ikuspuntua txertatua duen hitzaldiak.

 

1. Osalanek antolatuta:

 

2. Beste entitateekin elkarlanean