Izen-emateak

GUILLERMO DORRONSORO ARTABE ? Ipar zonaldeko zuzendaria. IBERMÁTICA

HITZALDIA: Enpleguaren bilakaeraren joera nagusiak XXI. mendean

1. Mesedez, zure aurkezpentxo bat entzutea gustatuko litzaiguke.

Nire izena Guiller da, Sestaon jaio nintzen eta bertan bizi naiz 53 urte beranduago. Sestao herri industriala da eta indar handiarekin jasan zituen ontzigintza- eta siderurgia-birmoldaketaren ondorioak mutikoa nintzenean. Agian horrexegatik ikasi nuen ingeniaritza, eta betidanik interesatu izan zaizkit etorkizuneko proiektu berriak sortzeko bideak. Hori dela eta, beti egon izan naiz teknologia berriengandik gertu, eta beti pentsatu izan dut horiekin negozioa egiteko eta balio ekonomiko eta soziala sortzeko bideetan. Era berean, pertsonengandik eta beren heziketatik gertu egon izan naiz beti. Orain Ibermátican nago, enpresa-proiektu zoragarria, Deustun hainbat klase ematen ere dihardut...

2. “Teknologia pertsonen zerbitzura jartzen dugu”, hori da Ibermáticaren leloa. Aro digitalean pertsonak sistemen eta erakundeen erdigunean al daude?

Horretarako dihardugu lanean, horrela izan beharko litzateke beti. Baina zenbaitetan, horrela ez dela sentitzen dugu, eta, horren ondorioz, ez gara eraldaketa digitalaz fidatzen. Enpleguak suntsituko dituela entzun dugu, pertsona asko egokitu egin beharko direla, eta ez dugu uste bizitza hobetuko denik. Baina esperientziak erakutsi digu pertsonak, elkarlanean, gai izan garela teknologien aurrerapena bideratzeko, pertsonak hobeto bizi ahal izan gaitezen.

Erdi Aroko pertsona baten bizitzagatik aldatuko al zenuke zure bizitza? edo zure aitona-amonen bizitzengatik? Baina gure bilobek ere ez dute nahiko beren bizitzak gureengatik aldatzerik: Bizitza hobea biziko dute, luzeagoa, muga gutxiagorekin, teknologiari esker.

3. Merkatu globalen eta digitalizazioaren egungo testuinguruan aldaketa sakonak eta oso azkarrak ematen ari dira. Erakundeok eta pertsonok etengabe berrasieratu behar al dugu?

Aldaketei adi bizi behar dugu, zalantzarik gabe. Aipaturiko aldaketek zentzua eman diezaguten nola egin behar dugun ulertu behar dugu, zentzua kendu beharrean. Hori pertsona batzuentzat errazagoa da, eta beste batzuentzat, berriz, zailagoa. Horrek, era berean, inor atzean uzten ez duten gizarte eta erakunde solidarioagoak eraikitzera eraman behar gaitu.

4. Zure ustez, nola kudeatu behar dituzte erakundeek aldaketa horiek?

Pertsonak erdigunean jarriz. Beti esan ohi da, eta gero oso gutxitan egin ohi da. Erratu egiten gara eta emaitzen kontua, teknologia edo arauak jartzen ditugu erdigunean. Pertsonak benetan erdigunean jartzea zeregin zorrotza da, izan ere, pertsona oro desberdina da, guztiek arduratu behar gaituzte. Jakina garrantzitsua dela emaitzen kontua, teknologia, joko arauak... baina pertsonek markatzen dute iparra.

5. Teknologiek aldatu egin dituzte ondasun eta zerbitzuak ekoizteko moduak, gure bizimodua, erlazionatzeko modua eta lan egiteko modua. Nolakoa da datorren lana? Segurtasunaren eta osasunaren arloari dagokionez, langileen segurtasun eta osasunerako arriskuak desagertu eta berri batzuk agertuko al dira (adieraz itzazu garrantzia berezia duten horiek)?

Makinekin harremanak izateko daukagun modua gaur egunekoa baino askoz ere konplexuagoa eta anitzagoa izango dela izango da funtsezko aldaketa.

Orain, makinekin elkarreragitea pentsatzen dugunean, pantaila batean eta teklatu batean pentsatzen dugu. Bi elementu horiek desagertu egingo dira, gizakiari egokituago egongo diren elkarreragiteko moduengatik aldatzeko. Makinak azkarragoak izango dira, baina akatsak egiten jarraituko dute, gaur egun bezala. Gizakiek baino gutxiago, seguru aski -baina ustekabekoagoak horregatik-, eta larriagoak izan daitezkeen ondorioekin.

6. Zein uste duzu dela lanaren etorkizuna?

Atseginagoa, sortzaileagoa, ez hain errepikakorra eta gogaikarria. Kontzentrazioari dagokionez, zorrotzagoa, baina ordu gutxiagoz egunean eta astean. Lanbide aniztasun handiagoa egongo da, eta jende askok hainbat erakunderentzat egingo du lan aldi berean. Aukera gehiagoren artean aukeratu ahalko dugu. Baliteke Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta unibertsala egitea, eta horri esker, pertsona askok historikoki aberatsek bakarrik egin ahal izan dutena egin ahalko dute: benetan gustuko duten lana egitea.

7. Ekonomia digitala lan-harremanen eredua aldatzen ari da, lana antolatzeko moduak; lankidetza-inguruneak, lan digitaleko plataformen agerpena, freelance langileen hazkundea, etengabeko konektibitatea, telelana... Aldaketarako prest gaudela uste duzu? Zer gaitasun eta trebetasun izango dira etorkizuneko langilearen gakoak?

Hiru gaitasun dira niretzat ezinbestekoak:

  1. gizakia-makina adimena (makinak erabiltzea zergatik den eraginkorragoa jakitea eta zer zereginekin jarraitu beharko genukeen edo gizaki-makina talde eraginkorrak nola egin beharko genituzkeen ezagutzea).
  2. adimen sortzailea (makinak imajinatzeko gai ez direna imajinatzea, desberdin pentsatzea, gauza berriak egitea)
  3. adimen existentziala (hemen zer egiten dugun, gure zeregina zein den eta guzti honek zer zentzu duen ulertzea)

8. Osalanek antolatutako Laneko Segurtasun eta Osasunaren IV. Nazioarteko Biltzarrean zehar “Enpleguaren bilakaeraren joera nagusiak XXI. mendean” hitzaldiarekin hartuko duzu parte. Zahartzea, eten digitala eta bestelako alderdien inguruan hitz egiteko aukera egongo al da?

Batez ere gaitasun eta trebetasunetan oinarrituko naiz. Beharrezkoa izango da horiek garatzea eta nola egin zehaztea. Aurreko galdera erantzuten saiatuko naiz; hala ere, nola ez, beste guztien inguruan ere hitz egingo dut, dena baitago konektatuta.

9. Lan-segurtasun eta -osasunaren profesionalak, erakundeak eta abar gonbidatu ditzakezu zure hitzaldira eta Osalanek antolatutako Laneko Segurtasun eta Osasunaren IV. Nazioarteko Biltzarrera?

Denbora gutxi eskaintzen diogu etorkizunaren inguruan pentsatzeari, datozen aldaketa eta joeren inguruan hausnartzeari. Eta, hala ere, oso jarduera gutxi dira hain errentagarriak. Aldaketaren olatua iristen ikusten dugunean, bere indarra eta abiadura ulertzen baditugu, horiek nola gainditu jakin ahalko dugu. Bai eta beste batzuekin sarean lan egiten badugu ere; horrela, erresilientzia irabaziko baitugu. Bi arrazoi horiengatik uste dut biltzar hau inoiz baino erabilgarriagoa dela...

Euskadi, auzolana