Euren enpresen osasuna hobetu nahi duten 100 zuzendari inguru bildu dituzte APDk eta Osalanek

 

Ikuspegi sozioekonomikotik, enpresaren barruan osasunarekin lotutako politikak eta programak sortzeak eskaintzen dituen abantailak azpimarratu dira jardunaldi honetan.

Donostia, 2017ko azaroaren 8a.- APDk (Zuzendaritzaren Aurrerabiderako Elkartea) eta Osalanek (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) Donostian, gaur, produkzioaren ikuspegitik “enpresa osasuntsu” kontzeptua aztertzeko jardunaldia antolatu dute. Bertan, langileen ongizatea azpimarratu dute, enpresa-lehiakortasuna kudeatzeko tresna gisa.  

Inaugurazio-ekitaldian, Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusiak adierazi du, laneko arriskuen prebentzioaren eta lan-baldintzen hobekuntzaren inguruan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen konpromisoa lotuta dagoela enpresak bikainak eta lehiakorragoak izateko lanean jardutearekin; “beste hainbat gauzaren artean, gustura eta baldintza egokitan lan egiteak pertsonen konpromisoa, etengabe hobetzeko interesa eta, azken batean, lehiakortasuna sustatzen dituztelako”, esan du. “Horretarako, funtsezkoa da, agenteen artean lankidetza garatzea, eta enpresen eta lantokien kudeaketan laneko arriskuen prebentzioaren integrazioa lortzea”, gaineratu du.

Lan-inguruneetan jokabide osasuntsuak sustatzeak eragin zuzena dauka, ez bakarrik maila ekonomikoan baita maila sozialean eta indibidualean ere. Ikuspegi ekonomikotik begiratuta, enpresaren produktibitatea, lehiakortasuna eta iraunkortasuna handitzen direla esan daiteke. Horretaz gain, inbertsio errentagarria da, Europako hainbat erakundek egindako azterketek erakusten duten bezala.Ezagutzen den azken eguneratzearen arabera, inbertitutako euro bakoitzeko 2,5 eta 4,8 euro arteko errentagarritasuna lortzen dela kalkulatu da.